Soinuak eta entzuteko moduak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa k honela bereizten ditu:

Soinu : Objektu baten bibrazioek ingurune elastiko batean (adibidez, airean) eragindako presio-uhina hedatzean datzan fenomenoa.

Zarata : 2. Fis. Ausazko frekuentzien nahastea den soinua.

Xabier Erkizia soinu-ikertzailearentzat, berriz, ez dago desberdintasun objektiborik soinuaren eta zarataren artean, eta ez-desberdintasun hori musikara ere hedatzen du. Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa k ez du ematen definiziorik musika terminoarentzat, musika ez baita zientzia eta teknologiaren arloko giza jarduera; ez, gutxienez, zentzu klasikoan, musika ulertzeko eta interpretatzeko tresna bat izan baden arren matematika.

Erkiziarentzat, bereizten hasita, inguruaren, norberaren eta bestearen arabera egiten dugu bereizketa, eta, ondorioz, zarata musika izan daiteke, eta musika zarata. Baina definizioa baino gehiago interesatzen zaizkio soinuen analisia eta pertzepzioa, eta zer erlazio duten, adibidez, soinuek ekonomiarekin, edo zein den soinuen eta musiken alderdi politikoa. Teknologia lagun, soinuak bilatu eta grabatzen ditu: arruntak eta exotikoak, giza belarriaren helmenean daudenak, eta giza belarriaren helmenetik kanpo daudenak ere bai. Horietako 1.500 jaso dituzte Soinu Mapa proiektuaren webgunean. Eta soinuak ez ezik, entzuleak ere interesatzen zaizkio Erkiziari. Entzutearen fenomenoa, entzuteko moduak, txanponaren beste aldea.

Bistan da, zientzia eta teknologiaren hiztegiak soinuarentzat eta zaratarentzat ematen dituen definizioak baino zabalagoa da Erkiziaren interes-esparrua. Bistan da, halaber, presio-uhinen izaera fisikotik harago, artista ikertzailearen interpretaziora hurbildu garela zenbaki honetako elkarrizketa nagusian.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila