Zelula amen bidezko tratamenduek itxaropen ikaragarriak piztu dituzte, eta ematen du gaur egun sendaezinak diren hainbat eta hainbat gaixotasunentzako irtenbidea izan daitezkeela. Zoritxarrez, benetako tratamenduak baino askoz ere lehenago iritsi dira merkatura gezurretako itxaropena eskaintzen duten klinikak. Mundu osoan barreiatuta daude dirutza baten truke zelula amak txertatu, eta parkinsona sendatuko dutela agintzen duten iruzurtiak. Gaixoen etsipena esplotatzen dute, haiek baino lehenago beste askok egin duten modu berberean. Gizakia bezain aspaldikoak dira, izan ere, mirari-saltzaileak.
Esan gabe doa ezinbestekoak direla klinika horien jarduna eragozteko neurriak. Arauak sortu behar dira, batetik, eta gaixoekin lan handia egin behar da, bestetik, ez dezaten euren burua utzi halako iruzurtien eskuetan. Eta, horretarako, beharrezkoak dira informazioa, eta jokabide etiko zorrotzekin lan egitea. Beti. Mirari-saltzaileak kasu guztietan baitira kaltegarriak, baita saltzen duten hori azukre-koskorrak direnean ere.
Tratamendu batzuek eta besteek izan ditzaketen berehalako albo-ondorioak berdinak ez izanagatik, funtsean ez dira desberdinak. Nekez hilko du homeopatiak inor, baina horrek ez du hobea bihurtzen familiako homeopata gaixoei zelula amak txertatzen dizkien Kieveko medikua baino. Izan ere, bietako inork ez du egiten duena frogatu onartutako bide zientifikoetatik. Alabaina, bigarrenaren jokabidea guztiok aho batez gaitzetsiko genuke, eta, aldiz, lehenengoak egiten duenari “mediku-ekintzaren” kategoria eman zion joan den abenduan Espainiako medikuelkargoak biltzen dituen erakundeak, “gizartearen eta herritarren osasunaren defentsan”.
Zelula ama bidezko tratamendu faltsuek mirarisaltzaileen aurpegi dramatikoena erakusten digute, eta gogor salatu behar ditugu. Onartezinak, ordea, guztiak dira. Denek hausten dute jokabide etikoa, denek esplotatzen dute gaixoaren etsipena, eta denek atzeratzen dute mirari-saltzaileetatik libre biziko garen eguna.