Kartografia lehen, orain eta hemen

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Kartografian, mapak egitea aukeratzea da. Egileak aukeratu egin behar du zer ezaugarriri izango zaion leial, eta zer desitxuratuko duen: azalera, angelua, distantzia... Izan ere, ez dago esfera bat plano batean irudikatzeko modurik. Leonhard Eulerrek frogatu zuen ezintasun hori 1775ean, eta gutxienez ordutik badakigu mapa guztiak akastunak direla. Ondorioz, munduaren proiekzioak errealitatearen hurbilketak baino ez dira, beti.

Oinarrizko akats hori eta guzti, ordea, kartografia ezin erabilgarriagoa zaigu gizakioi. Ongi aukeratzea da kontua, mapa zertarako den, proiekzio-mota bat edo beste bat izango baita onena. Helburuak praktikoak izan daitezke: nabigatzea, ibilbideak kalkulatzea, datu demografikoak erakustea...; edo politikoak: mundua osatzen duten lurralde eta estatuak modu jakin batean irudikatzea, kasurako.

Zenbaki honetan, kartografiaren historiara eta egunerokora gerturatu gara. Raúl Ibáñez Torres matematikariak mundua irudikatzeko estrategiak eta haien abantaila zein ajeak mugarritu dizkigu. Gaindegiako Mikel Aiestaran Olano geografoa, berriz, Euskal Herriaren kasu bereziaz ari zaigu. Haiek, irudikatu nahi dutenaren arabera, proiekzioa ez ezik, datuak ere moldatu behar izaten baitituzte.

Euskalgeo atariaren muga ez da teorema matematiko bat. Informazio estatistikoa bi estatutan eta hiru administraziotan banatuta egoteak behartzen ditu horretara. Gainera, Frantziaren eta Espainiaren proiekzio kartografikoak ez dira berdinak, eta datuak ere ez dituzte beti modu berean adierazten. Alabaina, matematikarenak ez direnak beste muga guztiak gainditzea dute helburu Gaindegiak eta haren Euskalgeo atariak. Artikuluaren izenburuak garbi adierazten baitu, mundua norberaren arabera irudikatzen dute mapek.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group