Joan den otsailean Donostian bizitakoaren ondotik, bazirudien dena egina eta prest dagoela. Auto elektrikoak bai ala bai eta berehala ordezkatuko dituztela ohiko autoak. Auto elektriko horiexek garatzen eta saltzen dituzten pertsonek, ordea, ez dute horren garbi autoak eta merkatua prest daudenik. Izan ere, gainditu beharreko zailtasunak ez dira huskeria.
Ikuspegi teknologikotik, baterietan dago erronka handiena. Seriean garatu ahal izango diren bateria merkeak garatzeko modua asmatzea da erronketako bat, eta auto elektrikoei orain dutena baino autonomia handiagoa emango dieten bateriak garatzea beste bat. Hala ere, horretan ari direnek diote denbora kontua dela batez ere, eta bi urteko epean gai izango direla helburu horiek erdiesteko.
Oztopo teknologikoak baino handiagoak dira merkatuak eta gure bizimoduak berak gainditu beharrekoak. Izan ere, aldaketa sakonak dakartza eskutik auto elektrikoak. Potentzia eta autonomia handiko autoetara ohituta gaude, hiru minutuan tanga bete eta 700 kilometro egiteko askatasuna izatera. Auto elektrikoek, aldiz, 200 kilometroko autonomia emango digute onenera ere, eta autoa non, nola, eta zer abiaduratan kargatuko dugun, argitu gabeko auzia da oraindik ere. Sare elektrikoak badu gaitasuna hainbat milioi kotxe elektriko gauez birkargatzeko, baina gure bizimodua eta bizitokiak ez daude horretarako pentsatuta eta egokituta. Eta nago pizgarri ekonomikoak baino zerbait gehiago beharko dugula auto elektrikoetara masan aldatuko bagara. Zalantzarik gabe, ezinbestekoa dute auto elektrikoek gobernuen eta erakunde publikoen bultzada, baina erosotasuna funtsezkoa izango da erosleak erakarri eta asebetetzeko. Nekez egingo diogu uko horri.
Azkenerako, ironikoa ere bada, neurri batean, hau dena. Izan ere, ez ote gara dena aldatzen ari, berdin segitzeko? Petrolioa elektrizitatez ordezkatu, eta aurrera segituko dugu, ikaragarrizko aurrerapausoa eman dugulakoan, harro, baina nor bere automobilaren mende? Ohikoak baino hobeak dira auto elektrikoak, bai, baina barkaezina izango litzateke trantsizio honetan gure mugikortasunereduari astindurik ez ematea.