Garoña, datorrena

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Garoña ikur bat izan da. Ikur bat Espainiako industria nuklearrarentzat --Espainian egin zen bigarren zentrala da, eta Europa mendebaldeko handiena bere garaian-- eta ikur bat euskaldunontzat, energia nuklearrik nahi ez duten gizarte-mugimenduentzat, bereziki. Orain, geldirik dago, eta Espainiako gobernuak itxiera iragarri duen arren, ez du behin betiko erabakirik hartu.

Garoña bezala, munduan beste zentral nuklear asko ari dira iristen euren bizitza erabilgarriaren amaierara, eta 143 erreaktore daude dagoeneko itxita edo geldituta (guztizko seiehunetik). Guztiz eraitsita, ordea, askoz ere gutxiago: zortzi. Eta eraisketa-protokolo estandarrak existitzen diren arren, kasuan kasu diseinatu eta gauzatu behar dira, zentral bakoitzarentzat berea. Garoñarena itxi ondoren prestatuko dute. Ondoren, 40-50 urte beharko dira erabat eraisteko, hau da, zentralak hartzen duen eremua hustu arte.

Epe luzea iduri dezake, baina hutsaren hurrengoa da hondakin erradioaktiboen iraupenaren ondoan. Izan ere, zentralak eraistea prozesu osoaren parte txiki bat besterik ez da. Erronka erraldoia, denbora irudikatzeko giza gaitasunari ere ihes egiten diona, iraupen luzeko hondakin nuklearrak dira, besteak beste, agortutako erregaia. 100.000 urtez izango dira arriskutsuak ingurumenarentzat eta gizakiarentzat hondakin horiek. Gure espeziaren historia guztia bezainbeste da hori, eta zentral nuklearren eraisketekin dugun esperientzia txikia bada, zer esan horrekin dugunaz.

Lurpean sakon, geologikoki egonkorrak diren guneetan zigilatu eta biltegiek dozenaka milaka urtez bere horretan iraungo dutela espero izatea da eskuartean dugun aukerarik onena. Michael Madsen zuzendari danimarkarraren Into Eternity dokumentalak jasotzen du oso ondo aukera horren auzien sakontasuna, Finlandian eraikitzen ari diren lurpeko Onkalo biltegiaren bueltan. Nola ziurtatu etorkizuneko belaunaldien segurtasuna, haien gain ahalik eta ardura gutxien, edo batere ez, utzita? XXII. mendean zigilatu ondoren Onkalo existitzen dela betiko ahantzita, edo han zer dagoen ahantzi behar dutela betiko gogoratuta? Erantzukizuna handia da, eta gurea da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.