Rikardo Arregi Kazetaritza Sariek 30 urte bete dituzte aurten, eta zerbait oso berezia egin nahi izan dute antolatzaileek: euskal kazetaritzan mugarri izan diren 10 proiektu komunikatibo izendatu dituzte. Albiste ezin pozgarriagoa izan da guretzat Elhuyar aldizkaria izatea 10 mugarri horietako bat! Luxuzko bidelagunak izan ditugu, gainera: Berria/Euskaldunon Egunkaria, Argia/Zeruko Argia, EITB taldea, Goiena Komunikazio Taldea, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Euskal Irratiak, Anaitasuna aldizkaria, Eibar.org eta Ttipi-Ttapa aldizkaria.
Guretzat, ohorea izan da euskal kazetaritzaren festan parte hartzea. Eta, pozaren pozez, esker ona adierazteko premia datorkigu bihotzera. Eskerrik asko, duela 32 urte eta ausardiaz beteta, artean euskarazko zientzia-komunikazioa hasita ere ez zegoenean, Elhuyar aldizkaria sortu zenutenoi. Nola ez, eskerrik asko harpidedun guztioi, zuen babesik gabe ezingo baikenuen urte hauetan guztietan ilusioz beterik iraun. Eta eskerrik asko hemengo zientzialariei ere, beti laguntzeko eta elkarlanean jarduteko prest egoteagatik. Iritzi kualifikatua behar dugunean, informazioa eskatzen dizuegunean, edota zuen ikerketen berri ematen diguzuenean… gertu sentitzen zaituztegu. Eskerrik asko, bihotzez. Sari hau zuena ere bada.
Elhuyarrek garatutako teknologia