Estralurtarren nolakotasunean, gu

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Antropomorfikoak eta hiperentzefalizatuak; alegia, gizaki-itxurakoak, buruhandiak eta gorputz eskasekoak. Halakoa da estralurtarren irudi tipikoa. Gure antzekoak, baina, espazio sakonetik Lurrera iristeko teknologia garatu baitute, gu baino adimentsuagoak halabeharrez, eta, beraz, adimenarekin loturiko ezaugarri nabarmenagodunak. Maiz, gainera, zineman bereziki, konkistatzaileak. Gu "eboluzionatu" moduko batzuk, hitz gutxitan.

Espazio zabalera Pioneer eta Voyager ontzietan guri buruzko informazioa bidali dugunean ere, gure adimena ulertzeko gai izango liratekeen bizidunei zuzendutako mezuak prestatu ditugu. Halabeharrez hori ere, gurea beste adimenik ez baitugu ezagutzen. Astrobiologoek, ordea, hutsaren hurrengotzat jotzen dituzte bizi estralurtarra Lurrekoa bezalakoa izateko aukerak; are gutxiago balizko bizi adimenduna. Alabaina, unibertsoan dagoen izar-kopuru astronomikoa aintzat hartuta, ziur daude litekeena dela bizia beste nonbait ere sortu izana.

Hain zuzen, urte gutxian irauli egin da aurkitutako exoplaneta-kopurua, eta zabaldu eguzki-sistema ezagunetik kanpo planeta habitagarriak aurkitzeko aukera. Exoplanetak zeharkako metodoen bidez detektatzetik, zuzenean hautematera igaro gara, eta haietan markatzaile biologikoak identifikatzeko teknologia ere bidean da. Izan ere, atomoak eta molekulak bilatzen dituzte gaur egungo estralurtar-bilatzaileek; nagusiki, karbonoa eta ura, "ezagutzen dugun kimikaren arabera, ura eta karbonoa direlako [bizia sortzeko] osagai egokienak", dio Madrilgo Astrobiologia Zentrotik Carlos Briones astrobiologoak. Harekin eta zientzia-fikzioan aditu Sergio L. Palaciosekin gerturatu gara estralurtarrengana zenbaki honetan, gizontxo berdeetatik sistema ezezagunetara, giza iruditerian eta zientzian nola aldatu diren jakiteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila