Erabakiak eta ondorioak

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Hartza Pirinioetan galtzeko arriskuan zegoela ikusita, Esloveniako hartzak ekartzea erabaki zuten duela 17 urte inguru. Ordurako bospasei hartz arre baino ez ziren geratzen mendikatean; gutxiegi espezieak iraun zezan. Hala, hiru hartz ekarri zituzten Esloveniatik garai hartan, eta beste bost, hamar urte geroago. Horrekin, biziraupena bermatzea espero zuten.

Baina erabaki baten ondorioak ez dira beti berehalakoak izaten, ezta derrigorrez esperotakoak ere. Izan ere, Pirinioetako biztanle guztiek ez zituzten babestu hartza ugaltzeko eta hedatzeko hartutako erabakiak. Bereziki artzainak zeuden aurka, hartza haien etsaia izan baita mendeetan zehar. Gaur egun, ordea, Pirinioetako leku batzuetan onartzen dituzte hartzaren aldeko ekintzak. Non? Ekintza horiek noiz, non eta nola egingo diren erabakitzeko, teknikariekin eta administrazioko arduradunekin batera, artzainek ere parte hartu duten lekuetan; batik bat, Katalunian.

Erabakiak guztien artean hartzeak ondorio nabariak ekarri ditu: horrela egin den lekuetan hartzen populazioak gora egin du; gainerakoetan, ez. Gaur egun, Pirinioetan, gizarteak hala erabakitzen badu bakarrik iraun baitezake hartzak. Hori ondoriozta daiteke espeziearen orain arteko bilakaera ikusita, eta, hain juxtu, bilakaera horren berri eman dugu aldizkariaren erdiko orrietan.

Beste orri batzuetan ere aritu gara erabakiez eta ondorioez. Esaterako, Fukushimako zentral nuklearrean izotz-hesia eraikitzeko erabakiaz. Albiste bat argitaratu dugu, adituek erabaki horri buruz egindako kritikarekin; haien arabera, izotz-hesiak ondo funtzionatuta ere, ez da nahikoa izango hondamendiaren ondorioak konpontzeko. Beste era bateko erabakiak ere hartu beharko liratekeela uste dute.

Eta erabakiak eta ondorioak dira baita analisiaren muina ere. Kasu horretan, Garoñako zentral nuklearraren etorkizuna da gaia, eta Aitor Urresti energia berriztagarrietan adituak aztertu ditu azken hilabeteetan zentralaren gainean hartutako zein hartu gabeko erabakiak eta izan dituzten eta ditzaketen ondorioak. Dena den, oraindik ez dugu azken erabakiaren berri. Aurrerago jakingo dugu zein den... eta zer ondorio dituen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila