Iraileko zenbakian, ingurumenari eman diogu protagonismo osoa, egoerak hala eskatzen duelako. Gizateriak egun duen erronkarik handienetako bat da jasangarria ez den bizimodu hau zalantzan jarri eta ingurumen-larrialdi global honi erantzun sendo bat ematea. Eta, hedabide modura, guri dagokigu erantzun hori posible egiteko behar den informazio zientifiko gardena, zehatza eta argia helaraztea.
Iritzi kualifikatuak ekarri ditugu horretarako. Ekonomia ekologikoaren inguruko hausnarketa mamitsua egin dute Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialariak eta Arturo Elosegi Irurtia biologoak. Haiek dioten bezala, “ingurumena zaintzea gure burua zaintzea da”. Eta bioaniztasun-galera globalaren eztabaidan ohiko ikuspegietatik aldentzen diren aldagaiak ere jarri ditugu mahai gainean, Unai Pascual García de Azilu ingurumen-ekonomialariaren eskutik: besteak beste, naturarekin lotzen gaituzten balio emozionalak, euskararekiko atxikimendua eta naturan erabat txertatuta bizi diren komunitate indigenen iritzia. Orain arte kontuan hartu ez diren faktoreak dira, baina garapenaren eta ekonomiaren ikuspegi instrumentalistatik urruntzen eta etorkizuna jasangarri marrazten lagundu dezaketenak.
Analisien atalean, giza gorputzaren merkantilizazioari egin diogu tartea. Medikuntza eta bioteknologiaren etengabeko aurrerakuntzek esperantza sortzen dute alor askotan, baina kezkak ere gero eta ozenago entzuten dira: bizitzaren patenteak, ugalkortasun artifizialaren norabidea, pribatizazioa... Giza gorputzaren esplotazio-modu berriez hitz egiten dute jada aditu batzuek. Itziar Alkorta Idiakez legelariaren eta Miren Guilló Arakistain antropologoaren iritziak jaso ditugu.
Amaitzeko, zuhaitzei eman diegu hitza. Haien erraietan azaltzen da marraztuta denboraren haria, eta haietatik eskuratu dezakegu historiaren kontakizuna ere. Euskal Herriko historiaren parte bat azaleratu da hala; esaterako, baserrien sorrera. Zuraren eraztunek eta zainek hartu dute aldizkariaren azala, eta Marteko paisaia harrigarriek barrua.
Elhuyarrek garatutako teknologia