Ekainera arte, bagoaz

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Bihilabetekari gisa hasi zuen ibilbidea Elhuyar Zientzia eta [orduan] Teknika aldizkariak 1986an. Hiru urte geroago, 1989an, hilabetekari bihurtu zen, eta harrez gero hilero argitaratu da. Hamaika zenbaki urtean, zientzia eta teknologia euskaraz gizarteratzea helburu. Hogeita hamar urte betetzera goazen honetan, 11 ez, urtean 12 zenbaki argitaratzeko modua izango dugula iragartzea gustatuko litzaiguke. Egoera oso bestelakoa da, ordea, eta baita esatea tokatzen zaiguna ere: hurrengo zenbakia, 318.a, ekainean jasoko duzue, ez apirilean.

Hala da. Elhuyar Zientzia eta [egun] Teknologia aldizkaria hiru hilez behin argitaratuko da hemendik aurrera paperean. Urte hauetan guztietan, Elhuyar taldeak jarri du Elhuyar aldizkariaren gastuak sarrerekin berdintzeko falta zen dirua. Kultura Zientifikoa hedatzeko eta lan hori euskaraz egiteko gizarte-bokazioari erantzunez jokatu du horrela. Une hauetan, ordea, ez du biderik ikusten proiektuari orain arteko neurrian eusteko, eta argitalpen-maiztasuna murriztea erabaki du. Ekainean, irailean eta abenduan kaleratuko ditugu, beraz, aurten, beste hiru zenbaki.

Krisi ekonomikoak publizitatearen poltsa argaldu zuen lehenik, eta diru-laguntza txikiagoek are gehiago ahuldu dute Elhuyar aldizkari espezializatua. Zoritxarrez, harpidedunen eta erosleen ekarpenak, ezinbestekoak izanagatik, ez dira aski aldizkaria ekonomikoki sostengatzeko.

Gauzak horrela, Elhuyar aldizkariaren lantaldea osatzen dugunok egin dezakegunari helduko diogu, eta lanean segituko dugu, zientziaren munduan gertatzen denaren berri jasotzen eta zabaltzen, albiste, erreportaje, elkarrizketa, istorio eta analisien bidez. Kopuruari ezin diogu eutsi, baina kalitateari ez diogu uko egingo. Eta paperean ezin dena webgunearen eta sare sozialen bidez lantzen ahaleginduko gara, eskura ditugun baliabideekin.

Ezin konta ahala kolaboratzaile, babesle, harpidedun eta erosleri esker hazi da Elhuyar aldizkaria hogeita hamar urte hauetan. Eskerrik asko bihotzez guztiei, eta ekainera arte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila