Egunerokoa da, arrunta, hura gabe ezin biziko ginatekeen arren. Kexu gara gogor jotzen badu, baina haren falta sumatzen dugu hodeien atzean luze geratzen bada. Biziki maite ditugu goizaldean eta ilunabarrean agur esateko erabiltzen dituen kolore-jokoak. Eta liluratu egiten gaitu Ilargiaren atzean ezkutatu eta eklipseak oparitzen dizkigunean. Orduan, ezinezkoa da haren magnetismoari ihes egitea.
Magnetikoa da eguzkia, eta magnetikoa da Eguzkia, astroa, izarra. "Magnetismoa da Eguzkiari nortasun berezia ematen dion ezaugarria", dio Iñigo Arregi astronomoak izarrari eskaini diogun erreportaje nagusiaren sarreran. Hain zuzen ere, Eguzkiaren bihotzetik Lurreraino eta harago hedatzen den eremu magnetikoari buruzko kontuek gidatzen dute dozena eta erdi orritan zeharreko bidaia. Ikusten den baina egon ez dagoen gainazala, 11 urteko zikloa, orbanak eta tornadoak, imajinatu ezineko tenperatura hartzen duten partikulak, eguzki-haizea eta espazioko eguraldia; Eguzkiaren eremu magnetikoaren mendeko fenomenoak dira denak, astronomoek neurri bateraino ulertzen dituztenak baina erantzuteke dauden galdera askorako ematen dutenak oraindik.
Eguzkia eta haren dinamika ondo ulertzeak duen garrantziaren seinaletzat har liteke hainbeste misio izatea era batera edo bestera hura behatzen. Dozena bat inguru martxan, eta bi, gutxienez, bidean. Galderen erantzunak aurkitzeko misioak dira, batetik; eta praktikoak, bestetik: Lurrari, eta zehazki sateliteei, horrenbeste eragiten dien eguzki-haizea ulertzeko eta espazioko eguraldia iragartzeko tresnak garatzeko balioko dutela espero dute astronomoek.
Misio horietako batek, Solar Probe Plus izenekoak, ia ukitzeraino hurbildu nahi du Eguzkira, Ikusten den baina ez dagoen gainazal horretatik sei milioi kilometroraino, besterik ez. Gu zuhurragoak izan gara, eta Lurretik mugitu gabe murgildu gara Eguzkiaren magnetismoan.