Egun handiaren atarian, gertu

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Azaroaren 12an gertatuko da. Rosettaren Philae modulua zundatik askatuko da, eta 67P/Churyumov-Gerasimenko kometan lur hartuko du. Lurretik 450 milioi kilometro ingurura gertatuko da, eta ESAren ESOC zentrotik gidatuko dute lur-hartzea, 10 urteko bidea bezala. Misioa ez da hor bukatuko, baina balentria teknikoaren azken mugarria izango da. Lehenago, gizakiak ez du inoiz bidali misio bat kometa bat ikertzera; are gutxiago, hain gorputz txikian lur hartzera.

Philaek 67P/Churyumov-Gerasimenko kometan lur hartzea lortzen badu, poz berezia sentituko duten pertsonetako bat Ander Martinez de Albeniz tolosar ingeniaria izango da. Izan ere, Rosettaren ibilbidea eta maniobrak zuzentzen dituen taldeko kidea da: itzultzaile-lanak egiten ditu; aginduak Rosettak ulertuko dituen hizkuntzara itzultzea da haren zeregina. ESArentzat lanean aritzea “ametsa egia bilakatzea izan da” Martinez de Albenizentzat, eta “zirraragarria” hain misio bereziaren parte izatea. Lur-hartzearen eguna gerturatu ahala, “urduri” aitortzen du bere burua, eta Elhuyar aldizkariari emandako elkarrizketan dio “bizi osoan gogoratuko duen zerbait” izango dela ondo ateratzen bada.

Ondo ateratzen bada, misioaren zati zientifikoenari ekingo dio Philaek lur hartutakoan. Kometaren konposizioaren informazioa jaso eta bidaliko du Lurrera. Rosettak, berriz, kometari jarraituko die Eguzkiranzko bidean, eta kometaren jarduera nola aldatzen den bertatik bertara ikusteko aukera emango dio zientzialariei. 2015eko abenduan egongo da kometa Eguzkitik gertuen. Hori izango da Rosettaren azkena.

ESAko ingeniariek ez ezik, guztiok izango dugu Philae lur hartzen ikusteko aukera, ibilbide osoan jarraituko baitio Rosettaren kamerak, eta argazkiak egingo. Nik, behintzat, ez dut beste planik egingo azaroaren 12rako. Itxaronaldirako, aipatutako elkarrizketaz gain, Rosettak 10 urteko bidean egindako argazkien gure bilduma hautatua aurkituko duzue barruko orrietan, 6.000 milioi kilometrok askorako ematen baitute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila