Arima digitala

Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Digitalizazioa. Datuak. Adimen artifiziala. Goitik behera zipriztintzen ari zaigun olatu teknologiko eta sozial hau egiturazko aldaketak eragiten ari da gizartean. Errotik aldatu ditu komunikazioak, industria, harreman sozialak, botere-ereduak… Gizarte digitala bihurtu gara. Baina eraldaketa kultural honek gizartean hausnartutako erabaki bat al du oinarrian? Hausnartu al da zer muga jarriko zaizkion? Digitalizazioari buruzko hainbat gogoeta interesgarri dituzue zenbaki honetan.

Eta digitalizazioak eragindako aldaketen adibide, komunikazioan ekarri dituen erronkak. Buruhauste berriak ekarri dizkie hizkuntza gutxituei, esaterako. Baina hizkuntzaren prozesamenduak bere osotasunean ditu erronka handiak esku artean: gizakiekin komunikatzeko makina etikoak eta gizatiarragoak sortzea da horietako bat. Xabier Saralegi Urizar adimen artifizialeko ikertzailea aritu da gaiaz hizketan, sakon eta luze.

Bestetik, plastikoaren gaiari heldu diogu, Nazio Batuen Erakundeak plastikoaren kutsadura murrizteko martxoan hartutako konpromisoa abiapuntu hartuta. Kalkulatu dute ezen, plastikoen ekoizpena guztiz geldituko balitz ere, itsasoko mikroplastiko-kantitatea, 2100erako, oraingoa baino 50 aldiz handiagoa izatera iritsiko litzatekeela. Plastikoari zer irtenbide eman dakiokeen aztertu dugu, sakontasunez.

Eta zenbaki honetako azala, hain zuzen, ikusgarritasuna behar duen gai bati eman diogu: COVID iraunkorra, itzaletik atera dadin. Oraindik ez dago garbi zein den etiologia eta zer mekanismoren bidez sortzen diren epe luzeko ondorioak. Baina zientziak oraingoz argitu duena ekarri dugu.

Eta pandemiak gizartean egiturazkoa den beste arazo bat ere azaleratu du: zenbateraino diren ugariak asaldura mentalak. Ezkutuan gorde nahi genuena lehertu zaigu eskuetan. Orain, gizarte moduan dugun erronka handi bat da osasun mentalari dagokion oinarrizko tokia ematea.

Amaitzeko, aurtengo CAF-Elhuyar sarietako irabazleak ekarri ditugu. “Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak” lelopean egin dira, eta hemen duzue emaitza.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.