Adimen artifizialaren olatua gizarte-esparru orotara ari da iristen, eta, eraldaketa digitala bizkortzeko ezinbesteko teknologia-multzoa bilakatu arren, aho biko ezpata izan daiteke. Norabide egokia emanez gero, gure gizartearen muinean dauden egiturazko arazoak eta arrakalak konponbidean jartzeko potentzialitate handia duela sinetsita gaude; baina, era berean, desberdintasunak eta estereotipoak are gehiago handitzeko arriskuak ez dira gutxi, adibidez, emakume eta gizonen artekoak.
UNESCOk 2020an argitaratutako txostenak [1] argi azaltzen du zein diren erronkak, mehatxuak eta baita aukerak ere adimen artifizialaren eta emakume eta gizonen arteko berdintasunaren eremuan. Elhuyarren bi lan-eremuak jorratzen ditugu, eta urteak dira bi ildoak uztartzen hasi ginela. Asko dugu egiteko oraindik, baina bide bat egiten hasiak gara dagoeneko.
Bide horretan, esaterako, emakumeen presentzia neurtzeko, testuen meatzaritzarekin lotutako teknikak erabili ditugu zenbait hedabidetan (Saralegi, 2019) [2], eta hainbat proiektu jarri ditugu martxan Behategiarekin, Berriarekin eta Emakunderekin, hedabideetan argitaratutako testuetan emakumeen presentzia kuantifikatzeko eta neurtzeko, adimen artifizialeko teknikak erabiliz. Etorkizunera begira, emakume eta gizonen presentzia kualitatiboa neurtzeko urratsak ere eman nahi ditugu. Besteak beste, emakume eta gizonei esleitzen zaizkien rolak (aditua, herritar soila, agintaria edo biktima, esaterako) identifikatzeko teknikak lantzeko asmoa dugu.
Martxan dugun GEPSA (Gizarte Erronkei erantzun eta Politika Eraginkorrak diseinatzeko prentsaren azterketa Semantikoan oinarritutako tresna Adimenduna) proiektuan, berriz, hedabide digitaletan eta sare sozialetan genero-berdintasunarekin lotutako narratiba digitalak aztertzea da asmoa, politika publikoak hobetu ahal izateko.
Oro har, badirudi adimen artifizialari esker hainbat erronka gainditu ahal izango ditugula. Eta erraza dirudi gainera: ze sinplea den testu bat mugikorrarekin automatikoki itzultzea; gainera, itzulpena ulertu egiten da! Horrelako tresnekin, badirudi gurpila berrasmatu dela, baina ez da hala: gizartea eta teknologia eraldatzearekin batera, hizkuntza ere eraldatzen ari baita.
Hilabete gutxiko kontua da itzultzaile neuronalaren booma gertatu dela; lehen erabili nahi ez genuen tresna gure eguneroko lan-tresna bihurtu da, eta euskaraz ere primeran moldatzen da gaur egun. Tresna primerakoa da, zalantzarik gabe, eta aurrerapauso teknologikoa itzela izan da, baina ezin dugu ahaztu testu-masa erraldoietatik ikasitako tresnak direla itzultzaile neuronalak, hau da, aurrez idatzitako testuetan dagoenetik ikasten dutela.
Teknologiaren garapena azkar badoa, zer esanik ez gizartearena eta komunikatzeko dugun moduarena. Itzultzaile neuronalek orain dela urte batzuetako testu asko dituzte euren neuronetan, eta hortik sortzen dira itzulpen berriak. Horrek garai bateko idazteko era ekartzen du gaur egungo euskarrietara, eta ez da hizkuntzalaria izan behar genero-estereotipoekin eta maskulino generikoarekin lotutako arazoak sortzen dituela ikusteko, zehazki, genero markatua duten hizkuntzetan. Ohikoa da, esaterako, lanbideekin lotutako testuetan, euskaratik gaztelaniara itzulpena egitean, medikuak gizonezko gisa itzultzea eta erizainak emakumezko gisa; informatikariak eta ingeniariak ere, gehienetan, gizonezkotzat hartzen ditu itzultzaileak.
Elhuyarren dagoeneko hasi gara automatikoki sortzen diren testu horietan nola eragin aztertzen; esaterako, ikasteko erabilitako testuan genero-estereotipoak dauden kasurako, nolabait, eragiten. Izan ere, gakoa da teknologia hauetan aspektu horiek ere zaintzea, etorkizuneko hizkuntzan eragiteko. Erantzukizuna partekatua da: teknologia bera prestatu behar dugu genero-desberdintasunetik aldentzeko, eta erabiltzaileak ere adi egon behar du, automatikoki sortutako testua modu kritikoan irakurri eta beharrezko egokitzapenak egiteko.
Idazkera zaintzea norbanako bakoitzaren esku dagoenez, horretarako baliabideak eta tresnak eskaini behar dira, eta horretan dihardu Elhuyarrek urte luzez. Adibide gisa, Elhuyar hiztegien webgunean (https://hiztegiak.elhuyar.eus) egindako lanketa dago: hiztegiko adibideetatik lexiko baztertzailea eta sexismoa ekiditeko lana egin da; tartean, lanbide edo kirol-jarduera estereotipatuekin lotutakoa. Esaterako, «piloto» gaztelaniazko sarreraren adibidea aldatu dugu: la piloto esperó las órdenes de la capitana: pilotua kapitainaren aginduen zain egon zen.
Xuxen zuzentzaile ortografiko eta gramatikalarekin (https://xuxen.eus) ere antzeko lana egin dugu, eta estereotipatutako lanbideak eta genero-ikuspegitik desegokiak diren egiturak detektatzen ditu orain; haien ordezkoak ere proposatzen ditu. Esaterako, «legegizon» hitza erabiltzen badugu, Xuxenen azken bertsioak desegokia izan daitekeela jakinaraziko digu; izan ere, gizonezko legelari bati buruz ari bagara, egokia izan daiteke, baina, bestela, «legelari» hitza erabiltzea hobesten da.
Gizarteari eskaintzen dizkiogun baliabideekin jarraituz, argitaratu berri den Feminismoa eta Berdintasuna hiztegia dago; proiektu horretan ere parte hartu du Elhuyarrek, eta, besteak beste, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea eta alor horretako terminologia bateratzea du helburu.
Hizketaren sintesian ere sare neuronalekin ari gara lanean. Eta lantzen ari garen ildo garrantzitsuetako bat da ahotsaren eskema binariotik ihes egitea. Hizketa-sistema neutroak garatu nahi ditugu, emakume eta gizonen ahotsak sor ditzaketen estereotipoak saihesteko. Esaterako, ahots horiek erabiliko ditugu bozgoragailu adimendunetan eta hizketaren sintesia erabiltzen duten bestelako gailuetan. Saniye Gülser Corat-ek, UNESCOko genero-berdintasunerako zuzendariak, argi azaldu zuen elkarrizketa batean [3]: “Sirik eta Alexak ez lukete generorik izan behar“. Elhuyarrek martxan duen euskarazko bozgorailu adimenduna garatzeko (Mycroft.EUS), ahots neutroak edo/eta ez-estereotipatuak erabiltzeko saiakera egingo dugu.
Ez dira gutxi esku artean ditugun erronkak, adimen artifizialaren garapenarekin batera landu beharrekoak. Bide horretan dagoeneko eman ditugu lehen urratsak, eta horretan jarraituko dugu Elhuyarren, adimen artifizialaren potentzialitatea baliatzen eta gizarte berdinzaleagoa lortzeko lan egiten.