30 urteko ibilbidea

Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Hogeita hamar urte bete ditu aurten Elhuyar aldizkariak. Ingeniaritzako ikasle euskaltzale batzuek sortu zuten, 70eko hamarkadan, ilusioz beterik, eta aldatzen eta indartzen joan da proiektua geroztik, 1996an zientzia-dibulgaziora bideratutako aldizkari bilakatu eta egungo aldizkarira iritsi arte.

Gazte haien ilusioaz eusten diogu guk ere zientzia gizarteratzeko konpromisoari, ezagutza zientifiko eta teknologikoak bete-betean eragiten baitu gizartearen aurrerapen sozial eta ekonomikoan. 30 urte horien babesean baina aurrera begiratuz, une hau aprobetxatu nahi izan dugu zientziaren eta herritarron arteko harreman labainkorra mahaigaineratzeko. Zenbait alorretako adituei eskatu diegu beren iritzia. Herritarrok ikusle pasibo izateari utzi eta hitza hartu behar al dugu zientzia-arloko erabakietan? Zerk eragiten du gizartearen sektore handi batek zientzia hain urruti sentitzea? Galdera gakoak, gure ustez, zientzia demokratizatzeko helburua dugunontzat. Zuek ere galdera horietaz hausnartzera gonbidatzen zaituztegu. Gustura jasoko ditugu zuen iritziak aldizkaria@elhuyar.com helbidean edo aldizkaria.elhuyar.eus webgunean, iruzkin modura.

Bestetik, Helena Matute psikologo esperimentala ere ekarri dugu gurera. Sinesmen faltsuak nola sortzen ditugun aztertzen du Matutek Labpsico laborategian, eta argi adierazi digu: denok dugu halako sinesmen faltsuak sortzeko joera. Horren inguruko gogoeta partekatu du gurekin.

Gainera, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubi-lana egin nahi duen Gordailua erakutsi nahi dizuegu; iraganeko kulturaren eta ohituren berri ematen duten objektuak etorkizunera nola eraman. Milaka pieza kondizio berezietan gordetzen ditu Gipuzkoako ondarearen Gordailuak, kaltetu ez daitezen, eta haren barrenak erakutsiko dizkizuegu.

Basabizitzari ere begirada bat eman diogu, munduko argazkilari onenen begietatik nola ikusten den jakiteko. Beti da plazer bat Wildlife Photographer of the Year lehiaketa ospetsuko argazkilariak eta haien lanak ezagutzea. Hemen duzue aukera!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group