Zientzia: 50 urte aurrerago, zer?

“Ikerketa aplikatua eta berrikuntza alferrik dira ez bada oinarrizko zientzia egiten”

Azkune Galparsoro, Gorka

Ikertzailea eta irakaslea

Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatea

zientzia-50-urte-aurrerago-zer
Arg. Gorodenkoff/Shutterstock

Ez naiz iragarpenak egiteko zalea. Zientziaren historian zehar askotan ikusi dugu nola zientzialari handienen iragarpenak ez diren errealitatera gerturatu ere egin. Horregatik, analisi honetan, ondorengo galderan zentratuko naiz: nolakoa nahiko zenuke izatea zure arloa hemendik 50 urtera?

Hasieran pentsatu nuen galdera hori aitzakiatzat hartzea adimen artifizialaren arazo handiei buruz hitz egiteko, baina, buruari bueltak eman eta eman, ondorio batera iritsi nintzen: ez dit askorik axola nolakoa izango den nire arloa hemendik 50 urtera. Ziur nago errealitateak ez nauela dezepzionatuko. Esan nahi dudana da ez zaidala benetan gehiegi inporta hemendik 50 urtera sare neuronalak erabiliko diren edo konpondu beharreko arazoak gaur ezagutu ere egiten ez ditugun batzuk izango diren. Datorrena datorrela ere, oso-oso interesgarria izango da, seguru.

Baina pentsamendu-zurrunbilo hartan konturatu nintzen bazela zerbait benetan nahi nuena gertatzea, bai nire arloan eta baita besteetan ere. Eta, gainera, hori gertatzea gure esku zegoela. Beraz, horri buruz hitz egingo dizuet gaurkoan. Bi ideia nagusi aurkeztu nahi dizkizuet:

  • Oinarrizko zientziaren garrantzia, eta, ondorioz, hura sustatu eta hari prestigioa ematearen garrantzia.
  • Eta, horrekin oso lotuta, zientzialariak ondo zaintzeko beharra; batez ere, hasiberriak.

Zein da zientziaren iparrorratza?
Lehen ideiarekin hasteko, GPSaren adibidea erabiliko dut. GPSak ezingo luke funtzionatu erlatibitate orokorraren teoria ezagutuko ez bagenu. Einsteinek 1915ean argitaratu zuen teoria, grabitatea ulertzeko asmoz egin zuen esfortzu hura, ezinbestekoa da gaur egun GPSa erabiltzeko. Uste duzue Einsteinek inoiz pentsatu zuela bere teoriaren aplikazio praktikoetan? Berak puzzle bat zuen aurrean, natura ulertu nahi zuen. Oinarrizko zientzia zuen jomuga.

Gaur egun, ordea, ikerkuntza aplikatua, garapena eta berrikuntza hitzak dabiltza bogan, besteak beste. Baina ikerkuntza aplikatua eta berrikuntza alfer-alferrik dira ez bada oinarrizko zientzia egiten. Ikerketa aplikatuaren diskurtsoa erakargarria da. Azken batean, zera esaten zaigu: iker dezagun, baina gizartearentzat garrantzitsuak diren arazoak konpontzeko. Normala da gure politikariek eta gizartearen gehiengoak diskurtso hori bere egitea. Baina, tamalez, historiak erakutsi digu zientziak ez duela horrela funtzionatzen. Ezin dugu aurreikusi, orokorrean behintzat, arazo bat konpontzeko zer ezagutza beharko dugun.

Historiak lezio argi bat eman digu zentzu horretan: gizateriaren arazoak konpontzeko biderik onena ezagutza berria sortzea da, eta onartu behar dugu ezin dugula prozesu hori gidatu. Zientziaren arazo handiak konpontzeak izan behar du gure iparrorratza. Beraz, garapena eta berrikuntza beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, baina eraikuntza horrek oinarri sendoak behar ditu. Oinarri horiek oinarrizko ikerkuntzak emango dizkio, ezinbestean. Eta ez du balio oinarrizko ikerkuntza hori beste nonbait egiteak. Historiak orobat erakutsi digu aplikazioak garatzeko gaitasuna oinarrizko ikerkuntza egiten den tokian sortzen dela.

Euskal Herriko Stanford
Esanguratsua da Silicon Valleyren adibidea. Motor ekonomiko eta eraldatzaile bat da mundu mailan. Bada, Silicon Valley ez litzateke gaur dena izango, aurretik ez balitz Stanford-eko Unibertsitatea hor egon. Hemen, Euskal Herrian, Silicon Valleyren pareko zerbait egin nahi badugu, lehenik eta behin gure Stanford eraiki behar dugu. Eta hori, ezinbestean, Euskal Herriko Unibertsitatea da. EHUk ez du soilik irakaskuntza-zentro bat izan behar. Punta-puntako ikerketa bultzatu behar dugu unibertsitatean, ezagutza berria sortu eta etorkizuneko oparotasunaren oinarriak eraikitzeko.

Eta, hemen, lehen aipatu dudan bigarren puntuarekin topo egingo dugu: zientzialariak ondo tratatzeko beharra. Gaur egungo zientzia talde-lanean oinarritzen da. Talde horietan, ordea, doktoregaiak izaten dira protagonista nagusiak, gehienetan. Azken batean, haiek egiten dute lanik garrantzitsuena: esperimentuak, beharrezko garapenak, probak… Doktoregai horiei maila ikaragarria eskatzen diegu tesia egin ahal izateko. Onenak izan behar dute. Baina, tamalez, maila ikaragarri hori ez dugu behar bezala saritzen. Doktoregaiek baldintza ekonomiko eskasak izaten dituzte, eta, gainera, ziurgabetasunez betetako etorkizuna. Ikertzaile-bokazio asko zapuzten ari gara, eta hori ez da batere ona.

Nire ikerketa-taldearen adibidea kontatuko dizuet. Hitz Zentroan nago. Ikerketa-talde gehienek bezala, doktoregaiak ditugu oinarri. Oraintxe bertan, izugarrizko maila duten doktoregaiak ditugu. Pentsa, gure doktoregaiak Amazonen, Facebooken eta Apple-n aritu dira jada lanean. Kasu batzuetan, enpresa horiek berak etorri dira doktoregai horien bila. Dirutzak ordaintzen dizkiete enpresa horietan internship bat egiteagatik. Hemen, ordea, praktikak egitearen parekoa da, helburua ikerketa egitea izanik, gainera. Nire galdera da: zer etorkizun eskainiko diegu ikertzaile bikain horiei?

Gurea da erantzukizuna
Arazo horiei aurre egiteko erantzukizuna dugu. Hemendik 50 urtera Euskal Herri aurreratu eta oparo bat nahi badugu, oraintxe bertan ezarri behar ditugu oinarriak. Arazoak azaleratzea izaten da askotan errazena. Konponbideak proposatzea, berriz, zailena. Denon artean bilatu beharko ditugu konponbide horiek, baina hona hemen nire ekarpen txikia. Hiru ideia nagusi utzi nahiko nituzke hemen gidalerro moduan:

  1. Burokrazia murriztu. Ikerkuntzan, diru publikoarekin egiten dugu lan batez ere; beraz, ulertzen dut administrazioak zorrotzak izatea ematen diguten diruaren erabilpenean. Baina jasan behar dugun burokrazia gehiegizkoa da, eta, askotan, guztiz alferrikakoa. Lan egin dezagun alferrikako burokrazia hori desagerrarazten. Ikerketa egiteko ordu pilo bat irabaziko genituzke.
  2. Oinarrizko zientziaren finantziazioa handitu. Bai ikerketa-proiektuentzat, baita beharrezko azpiegiturak erosteko ere. Baina, batez ere, doktoregaien baldintzak hobetzeko. Baldintza duinak eman behar dizkiegu, eta etorkizun on bat eskaini.
  3. Talentuaren alde apustu egin. Etorkizuna aurresatea ia ezinezkoa da; beraz, oso zaila da zientziaren arlo bat edo beste bat garrantzitsuagoa izango den aurresatea. 2010ean, ia inork ez zuen hitz egiten adimen artifizialari buruz. Gaur egun, leku denetan azaltzen zaigu. Beraz, badirudi zentzuzkoagoa dela talentuaren alde egitea, arlo batzuen alde apustu egitea baino. Ikertzaile onenei eman diezaiegun behar dutena, lan egiten duten arloa edozein dela ere. Ziur etorriko direla emaitzak bueltan.

Beraz, nolakoa nahiko nukeen nire arloa izatea hemendik 50 urtera? Oinarrizko zientzia indartsu bat nahiko nuke Euskal Herrian, noski, adimen artifiziala eta hizkuntzaren prozesamendua barne. Berdin zait sare neuronalak edo beste sistemaren bat egongo den bogan, baina nahi dudana da horretan ikertzen dutenek askatasunez eta baldintza duinetan egin dezaten. A! Eta ni hor egon nadila, egiten dutenarekin gozatzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila