Saien etorkizuna bermatu nahian

Aizpuru Oiarbide, Iñaki

Ihobe, Eusko Jaurlaritzako ingurumen-teknikaria

saien-etorkizuna-bermatu-nahian
Arg. Eneko Imaz

Sarraskijakeak tamaina itzeleko hegaztiak izan ohi dira, eta, ezaugarri horrek naturan abantailak ematen badizkie ere, gizakiak menderatzen dituen inguruetan, Euskal Herrian kasu, galtzaile bihurtzeraino amildu ditu, etsai nagusi garenon begiradetatik ezkutatzeko aukerarik gabe utzi baititu. Ez da harritzekoa, beraz, Euskal Herrian bizi diren hiru espezieak mehatxatuta egotea eta babestuko dituzten arauak behar izatea.

Tarteka beste espezieren bat iristen bada ere, gure artean hiru sarraskijale-espezie bizi dira: ugatza (Gypaetus barbatus), sai zuria (Neophron percnopterus), eta sai arrea (Gyps fulvus). Lehen bien populazioak oso mugatuak badira ere, sai arreena nahiko nabarmena eta ugaria da. Hirurek ezaugarri bereiziak dituzten arren, elikadurak parekatzen ditu: gorpuzkera osoa gorpuak aurkitzeko eta irensteko bereziki moldatuta dute, hala nola hegan egiteko modua eta habiak egiteko aukeratzen dituzten harkaiztietako erlaitzak.

Honela bada, espezie horiek babesteko neurri gehienak berdintsuak izango dira. Babes-legea osatzeko emandako aukeraz baliatuz, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hirurentzako balioko duen kudeaketa plan bakarra lantzeari ekin zaio.

Espezie jakin baten populazioak iraunarazteko bete behar diren baldintza nagusiak bi multzo orokorretan bil daitezke: habitatak egokiak izatea eta behar adina janari eskuratzeko aukera izatea. Berez, bada hirugarren eragile bat ere: gizakiok animalia horiei buruz dugun iritzia, hain zuzen. Bi eratako jarrerak izan ohi dira. Batetik, gorpu-garbitzaile izaki, egiten duten mesedea zabalki aitortua izan da. Baina, bestetik, abere biziei azken urteetan egin omen dizkieten erasoak direla eta, aurkako jarrera ere gailendu da maiz, batez ere abereekin lotura zuzena dutenen artean. Horregatik, planaren atal batean gogorarazten da legez babestutako espezieen kategoria zein den eta haiei zuzenean eraso egitea edo haiek aztoratzea debekatua dagoela.

Habitatari dagokionez, gure sarraskijaleek bizitza erdia airean igarotzen dute eta lurreratzeko erabiltzen dituzten gune nagusiak (harkaiztiak eta mendiko larreak) bakartiak izan ohi dira. Gauzak horrela, kudeaketa planaren betebeharrak xedapen orokor batzuekin osatzen dira: elikatzeko gehien behar dituzten lurrak "elikadurarako interes bereziko eremu" izendatzen dira, eta, horien barruan, sai zuriek edo ugatzek habiak egiteko edo bizirauteko ezinbestekoak dituztenak, berriz, "gune kritiko". Izendapen horien helburu nagusia da hegazti horiek gure eraginez ahalik eta enbarazurik txikiena jasan behar izatea.

Janariaren auzia zeharo bestelakoa da. Eta azken hamarkadetan arazo gehien sortu dituen auzia, ezbairik gabe. Izan ere, oihartzun handia dute sai arreen populazioak muga egokiak gainditu dituela diotenek. Baina, benetakoak dira gainpopulazioa eta hegaztiak ase ezina? Galdera horiei erantzuteko, datuak ezagutzea komeni da. Populazioari buruzko datuen arabera, sai arrea ia desagertua egotetik milaka izatera iritsi bi hamarkadatan, eta gorako bidean jarraitzen du. Adibidez, 2009an, 2.783 sai zenbatu ziren Nafarroan, sai arre gehien dituen lurraldean, eta gauza bera gertatu da lurralde mugakideetan.

Ugaritze hori dela eta, sai arreak "sekula" ikusi ez ziren inguruetara iritsi dira, eta ezagun zaigunak sortzen dizkigun kezka eta ikara zabaldu dituzte. Bestalde, portaera aldatu dutela diote batzuek. Bizirik dagoen azienda erasotzen hasi omen direla esan dute, eta horren arrazoia begien bistakoa dela: hainbeste ugaritu direnez, janari asko behar dute, eta, aurkitutako gorpuak aski ez direnez, animalia biziez elikatzen hasi dira.

Saiak betidanik saiatu izan dira, gorpuei ez ezik, era batean edo bestean ezinduta dauden animaliei ere etekina ateratzen, hala nola harkaitzen zirriztuetan kateatuta geratzen direnei edo erditze-garaian arazoak dituztenei. Arrazoizkoa da sarraskijaleak ugaritu ahala halako erasoak ere ugaritu izana, baina bide luzeegia dago ugaritu izatetik gehiegi direla ondorioztatzera.

Sarraskijale gehiegi dagoen jakiteko, alderatu egin behar dira egungo populazioen elikadura-beharrak eta elikagai-eskaintza posiblea (mendian dabiltzan azienda estentsiboen gorpuak). Bada, azken 15 urteetan, azienda larrien kopuruak (behiak eta behorrak) gora egin du, eta ardienak, behera; orobat egin du gora pisu biziak. Larre estentsiboetan urtean azienden % 5 inguru hiltzen denez, urteko janari-eskaintza 2.000 t inguru da.

Eta janari-beharra? Hegazti bakoitzak egunero 1-1,5 kg behar dituenez (urtaroaren arabera) eta EAEn eta inguruetan 2.000 hegazti inguru dabiltzanez, urtean 800-1.200 t behar dira. Badira animalia hilei probetxua ateratzen dieten beste animali espezie batzuk ere: azeria, basurdea... Animalia horientzat, ordea, noizbehinkako janari izaten dira eta ez dute eragin handirik kalkulatutako kantitateetan.

Beraz, argi dago janari-eskaintzak sobera betetzen dituela elikadura-beharrak. Janari-eskaintza, ordea, ez dela erregularra, baina egoera honetara ere ongi moldatuta daude sarraskijaleak, halabeharrez. Aukera dutenean ahal bezainbeste jaten dute, eta hilabete baino gehiago igaro dezakete mokadurik probatu gabe.

Bada janari kontu hauetan beste inguruabar garrantzitsu bat ere. Behi eroen gaitza zela eta, 2002. urtean, Europako legediak ezarri zuen hildako aziendak erretiratu behar zirela eta tratamendu berezi bat eman behar zitzaiela. Pentsa zitekeen lege horren ondorioz sarraskijaleen janari-eskaintza murriztuko zela eta populazioan beherakada bat sumatuko zela. Egia esateko, Euskal Herrian ez da horrelakorik gertatu, batez ere legedi hori betetzea oso zaila delako: azienda gehienak mendian hiltzen dira, eta jabea joaten denerako, janda egoten da.

Orain, gaitz hori ez da jada arazo, eta legedia arindu egin da. Animalien gorpuak mendian uzteko aukera ematen du, baldin eta higiene- eta osasun-baldintza zehatz batzuk bettzen badira.

Hain zuzen, hori da hasieran aipaturiko kudeaketa-planak egiten duena. EAEko Natura 2000 sareko mendiak sarraskijaleen elikadurarako babes-eremu izendatu ditu, sail horietan ibiltzen baitira abeltzaintza estentsiboan hazten diren ia azienda guztiak.

Azken finean, mendiko aziendek faunako espezie sarraskijaleen biziraupenerako garrantzia handia dutela nabarmentzen du planak.

Premisa horiek kontuan izanik, argi gelditzen da abeltzaintza estentsiboa eta naturaren zaintzaren uztarketa gero eta sendoagoa izatea natura-ondarearen mesederako dela, eta, zeharka, gizartearentzat orobat.

Espezie sarraskijaleen etorkizuna bermatu nahi bada, ezinbestekoa zaigu ikuspegi desberdinak bateratzen saiatzea, interes ekonomikoak eta ekologikoak osagarriak izan daitezen kontrajarriak izan litezkeen kasuetan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila