Kopenhage COP 15erako bidea: ikusteko dago akordio garrantzitsu bat lortuko den

Galarraga, Ibon

Markandya, Anil

Markandya, Anil

Basque Centre for Climate Change zentroko zuzendari zientifikoa

Guztiok gaude Kopenhageko COP 15i begira, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko asmo handiko konpromiso bat erdietsiko den itxaropenarekin. Asmo handiko helburua da; izan ere, batez besteko tenperatura-igoera 2 °C inguruan (1,5-4,5 °C tartean) mantendu nahi bada, isurketen kontzentrazioak 550 ppm inguruan egonkortu beharko dira 2100erako, zientzialariek diotenez. Horrek esan nahi du isurketek 2020an jo behar dutela goia beranduenez. Eta 2050erako % 80 gutxitu beharko lirateke isurketak, 1990eko mailekin alderatuta. Bitartean, herrialdeek prest egon behar dute gaur egungo ondorioetara eta etorkizunean izan daitezkeenetara egokitzeko.
Kopenhage COP 15erako bidea: ikusteko dago akordio garrantzitsu bat lortuko den
2009/12/01 | Galarraga, Ibon; Markandya, Anil | Basque Centre for Climate Change zentroko ikertzailea; Basque Centre for Climate Change zentroko zuzendari zientifikoa
(Argazkia: -)

2007an egin zen COP 13an Bali Ekintza Plana delakoa prestatu bazen ere Kopenhage 2009rako (COP 15erako) ibilbide-orri gisa eta Kyoto ondoko erregimena onartzeari begira, benetan ez zen ezer garrantzitsurik gertatu Poznanen (COP 14) 2008an. Bali Ekintza Planak gai garrantzitsu asko jarri zituen mahai gainean; esate baterako, zer motatako adostasuna behar zen Kyoto ondoko erregimenerako, nola gaindi zitezkeen emisioak nabarmen murrizteko oztopoak, edo nola konpon zitezkeen egokitze-arazoak eraginkortasunez. Galdera horiek erantzuteke daude oraindik, ordea.

Azken urteotan gertatutakoaren argigarri izan daitezke Bushen agintaldiko AEBren konpromisorik eza, Europako Batasunaren posizio ez horren indartsua, eta garatze-bidean dauden herrialde handien interes eskasa --hala nola Txina, India eta Brasil--. Etorkizuna iristeke dago oraindik.

COP 14tik, negoziazio-saio asko izan dira klima-aldaketari nazioarteko erantzuna, asmo handikoa eta eraginkorra emateko, eta hori Kopenhagen hitzartzeko xedearekin. Bilerak martxoan, ekainean eta abuztuan egin dira Bonnen, irailean eta urrian Bangkoken, eta azaroan Bartzelonan.

Kopenhageko negoziaketetarako oinarria jarrita dago jada. AEBko presidente berriak, Obamak, adierazi du prest dagoela akordio batera iristeko, eta Wen Jiabao lehen ministro txinatarrak ere konpromiso garrantzitsu bat agindu du. Europak konpromisoa hartu du berotegi-efektuko gas-isurketak % 20 gutxitzeko 2020rako, 1990ekoekin alderatuta, eta ez du baztertu % 30eraino gutxitzeko aukera, klima-aldaketaren inguruan nazioarteko akordio orokorra lortzen bada. Energiari eta klimari buruzko EBren hitzarmenaren zati garrantzitsua da hori, 20-20-20 delakoarena. Klimari buruzko politikan berriro lidergoa hartzeko prest dago EB, urte gutxi batzuetan lidergo ez oso argia izan ondoren; anbizio handiko helburu horiek ausardiaren seinale dirudite.

Garatze-bidean dauden herrien aldetik, zapuztuta geratu dira Bangkoken irailean eta urrian izandako azken negoziaketak; izan ere, herri horien iritziz, herrialde aberatsak ez dira ahalegintzen isurketak nabarmen gutxitzeko konpromisoak hartzen. Klima-gaietarako mandatari txinatarrak, Yu Qintag-ek, duela gutxi leporatu die herrialde garatuei "Munduko mandatariak Kopenhagen bildu baino aste batzuk lehenago joko-arauak aldatzen saiatzea [...]".

Klima-gaietarako Suediako negoziatzaile nagusiak berak ere (zeinak EBko txandakako lehendakaritza baitu) onartu du elkarrizketak motel doazela.

Bartzelonan azaroan egin zen bilerak Kopenhagen konpromiso handiagoa lortzeko bidea egiten lagundu du, gutxienez ez baitira oztopo berriak agertu. Hortaz, badago itxaropenerako tarte txiki bat. Nolanahi ere, argi dago herrialde aberatsek pauso bat aurrera eman behar dutela, eta zerbait serioa eta sinesgarria agindu. Batez ere, premiazkoa da AEBk murrizketa-helburu zehatzak eta argiak kaleratzea, nahiz eta estatubatuarrek atzeratu egin nahi duten hori, lege berri bat izan arte. Hain zuzen ere, hori da legeak babestutako akordio bat lortzeko oztopo handiena, eta oraingoan ezinezkoa izango dela argi gelditu zen estatuburuek azaroaren 14-15ean egindako bileran. Dena dela, akordio politiko garrantzitsua lor daiteke oraindik. Hori proposatu du Danimarkako lehen ministro Lars Lokke Rasmussen jaunak, eta baieztatu egin du AEBko lehendakari Barack Obamak. Edonola ere, kontuan izan behar da normala izaten dela bileren aurretik ikuspegi ezkorra sumatzea, lortzen den edozein emaitza ontzat eman ahal izateko gero.

Lortu behar dena

Yvo de Boer Klima Aldaketaren aurkako Nazio Batuen Esparru Hitzarmeneko idazkari exekutiboaren arabera, hauek dira COP 15en jorratuko diren lau gai nagusiak, laburbilduta:

1. Berotegi-gasen isurketak zenbat murrizteko prest daude herrialde industrializatuak?

2. Beren isurketen hazkundea mugatzeko zer egiteko prest daude garatze-bidean dauden herrialde handiak?

3. Nola finantzatuko da isurketak gutxitzeko eta klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko garatze-bidean dauden herrialdeek behar duten laguntza?

4. Nola kudeatuko dira finantza-baliabideak?

Kopenhageko bilerak arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da lau galdera horiei erantzutea, eta klima-aldaketaren eraginaren zama zuzentasunez banatuko dela bermatzea.

Beharrezkoa da herrialde garatuek lidergoa hartzea, eta isurketak IPCCren gomendioen arabera gutxitzeko konpromisoa hartzea. Baina, horretaz gain, sostengu finantzario eta teknologikoa bermatu behar da garatze-bidean dauden herrialdeentzako. Kyoto ondoko jardunbidearen zati izan behar lukete honako hauek: teknologia-transferentziari jartzen zaizkion merkataritza-trabak eta oztopo teknologikoak ezabatzea; lankidetza, berrikuntza eta ikerkuntza sustatzea; eta Egokitze Funtsa zein haren kudeaketa definitzea. Gai garrantzitsuak dira garatze-bidean dauden herrialdeen oihan-soiltzea eta degradazioa saihesteko jardunbidea argitzea, eta isuri ez den CO 2 -a zenbatestea ere. Era berean, klima-aldaketaren aurkako jardunbide berriari sostengua emango dion egitura instituzionala diseinatu behar da.

Abenduaren 17an jakingo dugu Kopenhageko bilera arrakastatsua izan den, eta konpromiso horiek lortu diren.

Galarraga, Ibon; Markandya, Anil
2
259
2009
12
025
Klimatologia
Analisia
52
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila