Klima-larrialdia: 50 urte aurrerago, zer?

“Gaur egun ezezagunak diren milaka metano-iturri identifikatuko dira”

Irakulis Loitxate, Itziar

IIAMA

Valentziako Unibertsitate Politeknikoa

klima-larrialdia-50-urte-aurrerago-zer
Arg. Ag_event

Klima-larrialdiaren eta berotegi-efektuko gasen inguruan hitz egiten dugunean, burura etortzen zaigun lehen gasa karbono dioxidoa (CO2) da beti. Zalantzarik gabe, ezagunena eta atmosferan ugariena da. Hala ere, badago orain dela oso gutxi arte ia guztiz ezkutuan egon den beste gas bat: metanoa (CH4).

Momentu honetan hain desiratua den gas naturalen osagai nagusia da metanoa, baina bizitzen ari garen beroketa globalaren % 25aren erantzulea ere bada. Giza jatorriko bigarren berotegi-efektuko gas garrantzitsuena da, eta, atmosferara isuri eta 20 urteko epean, CO2-ak baino 80 bat aldiz berotze-potentzia global handiagoa dauka. Hala ere, gas horrek nahiko bizitza laburra du atmosferan, hamar bat urtekoa. Ezaugarri hariek direla eta, argi ikusi da metano-isuriak murriztea, epe labur eta ertainean, Lurraren beroketa baretzeko gakoetako bat izango dela. Ikerketek argi uzten dute ezen, metano-isuriak zeharo murriztu ezean, guztiz ezinezkoa izango dela Parisko Akordioaren helburuak lortzea, eta, ondorioz, izatekotan, etorkizun benetan latz bat espero behar dugula.

Gizakia metano-isurien erantzule?
Gas horrek hainbat iturri ditu, bai naturalak, bai giza jarduerei lotutakoak. Isuri naturalak (hezeguneek, hainbat bizidunen jarduerek edo jarduera geologikoek sortutakoak) karbonoaren zikloaren parte dira, eta, beraz, oro har, naturak berak konpentsatzen ditu, botatako gas-kantitatea gero karbono-sarbegietan bahituz. Aldiz, giza jarduerei lotutako isuriak ez dira hain erraz konpentsatzen, denbora oso laburrean gas-kantitate izugarriak isurtzen ari garelako, sarbegi naturalek maneia ditzaketen proportzioetatik oso urrun.

2020. urteko ikerketa batek estimatu zuen 2008-2017 urteen artean atmosferara isuritako metano guztiaren % 60 inguru giza jardueretatik zetorrela: gehienbat, abeltzaintza (% 31), arrozaren ekoizpena (% 8), petrolioaren eta gasaren hornikuntza-katea (% 26), ikatz-meatzaritza (% 11), zabortegiak (% 14) eta hondakin-uren tratamendua (% 6). Hala ere, metanoa, gizakia-rentzat gas ikusezin eta usaingabea izanik, inkognitaz betea dago, eta oraindik ez dago guztiz argi zein den sektore bakoitzari dagokion isurien proportzioa totalarekiko.

Zorionez, 2020tik aurrera asko aurreratu da arlo honi lotutako zientzia, eta gero eta agerikoagoa da orain arte erabiltzen ziren isuriak estimatzeko metodoak zehaztugabeak direla, sektore batzuen mesederako, eta inbentario ofizialak metodo berriekin eguneratzeko behar larria dagoela.

Adibide modura, Energiaren Nazioarteko Era-kundeak bere azken txostenean argitaratutako datuen arabera, energiaren sektorearen benetako isurien kantitatea gutxienez % 70 handiagoa da inbentario ofizialetan agertzen dena baino.

Nolatan halako bat-bateko datu-aldaketa?
Hainbat faktore daude datuen eraldaketa horren atzean: alde batetik, arazoarekiko kontzientziazioa nabarmen areagotu da eta datu argiagoak eta gardenagoak nahi ditu gizarteak; eta, bestetik, teknologia berriak azkar garatu dira. Azken horien artean, nabarmentzekoa da bereizmen altuko sateliteek gero eta datu gehiago eta hobeak ematen dituztela.

Metanoa satelite bidez behatzea ez da berria, 2003tik bageneuzkan mundu mailako datuak, baina orain dela gutxi arte datu horiek bereizmen baxukoak ziren. Hau da, irudiaren pixel bakoitzak Lur planetaren azalera handi bat estaltzen zuen, metano-kontzentrazio handienak zituzten herrialde edo eskualdeak seinalatuz, baina ez zegoen aukerarik iturri zehatza aurkitzeko.

2020an hasi zen hori nabarmen aldatzen, metanoa detektatzeko gai ziren bereizmen altuko lehen satelite publikoak datuak ematen hasi zirenean.

Ordutik ona, gas hori detektatzeko metodoak asko aldatu dira. Sateliteen arteko sinergiei esker, bereizmen baxuko sentsoreak hobeto erabiltzea lortu da, informazio baliagarriagoa eskuratzeko. Eta egiaztatu da orain dela urte askotatik martxan zeuden beste satelite batzuk gai izan litezkeela metanoa detektatzeko.

Isuriak argitara
Bat-bateko datu-eztanda horrek benda begietatik kendu digu, bai zientzialarioi eta bai politikari askori: orain dela bi urte gizartearentzat existitzen ez ziren milaka eta milaka isuri argitara ateratzen hasi dira.

Adibidez, orain badakigu lur-eremuetan, egunero, gutxienez 3-4 metano ultraemisio (orduko 25 tona baino gehiagoko isuriak) gertatzen direla. Iraupen laburreko isuri ikaragarriak dira, gehienak gasaren eta petrolioaren inguruko jarduerei lotutakoak, eta orain arte ez ziren inon erregistratzen.

Argitara atera da, halaber, petrolioa erauzteko zelaietan badaudela dozenaka instalazio (seguraski ehunka) airera orduko 1.000 kg metano baino gehiago botatzen ari direnak etengabe.

Anekdota modura, gure ikerketa-taldean itsasoko plataformen isuriak detektatzeko teknika bat probatu nahi genuen, itsasoan lurrazalean baino askoz konplexuagoa baita isuriak detektatzea, uraren propietateengatik, eta horretarako teknika aplikatzeko gai zen satelite pribatu baten irudi bat eskatu genuen, Mexiko ingurukoa. Orain arte, itsasoko plataformen isurien inguruko datu bakarrak bertako langileek ematen zituztenak ziren, eta oro har, egiatzat jotzen zen lurreko instalazioek baino isuri baxuagoak zituztela. Hori dela eta, ez genuen espero irudi horretan aparteko ezer aurkitzerik, baina, hara non, lortu genuen lehen satelite-irudi horretan 92.000 kg/h metano-isuri bat aurkitu genuen.

Beste satelite publiko batzuen datuei esker jakin genuen isuri hori 17 egun iraun zuten ultraemisioen gertaera baten parte izan zela. Eta, behin datu guztiak bilduta, estimatu ahal izan zen 17 egun horietan 40.000 tona metano isuri zirela atmosferara.

Erreferentzia modura, Mexikok, ofizialki, estimatzen du urtean 44.000 tona metano isurtzen dituela itsasoko instalazioetatik. Hau da, gertaera horrek bakarrik haien urteroko estimazioen ia totala eragingo luke, eta jakin badakigu ordutik hona beste hainbat ultraemisio izan dituztela.

Orain, Mexikoko Gobernuak neurri zorrotzak aurreikusi ditu, bai enpresa zigortzeko, eta bai plataforman izaten ari diren arazoak behingoz konpontzeko. Orain dela gutxi, imajinaezinak ziren neurriok.

Eta, orduan, etorkizunean zer?
Hain da berria teknologia hau, oraindik ia dena baitago ikertzeko. Goian jarritako adibideak hasiera baino ez dira.

Datozen urteetan, metanoa eta berotegi-efektuko beste gas batzuk detektatzeko berariaz sortutako satelite hobeak jarriko dira orbitan (orain martxan daudenak metano-isuri oso handiak ikusteko gai dira, baina ez ziren helburu horrekin eraiki), eta, haiei esker, gaur egun ezezagunak diren milaka iturri aurkitzeko aukera izango dugu. Giza jatorriko metanoaren iturri zehatzak ezagutzeak aukera emango du isuriak eteteko neurri eraginkorrak aplikatzeko, eta sektore bakoitzari benetan dagokion isurien proportzioa argitzeko.

Klima-larrialdiko egoera honetan, metano-iturrien identifikazio eta konponketak pasatzen utzi ezin dugun aukera bat eskaintzen digu. Estimatzen da ezen, erregai fosilei lotutako metano-isuriak % 40-45 murriztuz gero, 2045erako ia 0,3 °C-ren igoera saihestuko litzatekeela, eta epe luzerako klima-aldaketa arintzeko ahaleginen osagarri izango litzateke.

Murrizketa horiek errealitate bihurtzeko, Metano Isurien Nazioarteko Behatokia (IMEO, ingelesez) jarri dute martxan Nazio Batuek. Proiektu horren helburuetako bat da mundu osoko herrialdeak batzea metano-isuriak murrizteko konpromisoa zehazten duen Global Methane Pledge akordiora (jadanik munduko ekonomiaren % 70 ordezkatzen duten 120 herrialdek baino gehiagok sinatu dute), eta, orobat, mundu mailan ahalik eta metano-iturri gehien identifikatu eta gelditzeko proiektuak martxan jartzea; haien artean, satelite bidez isurien alertak sortzeko proiektu bat. Giza jatorria duten eta ekidin daitezkeen isuri guztiak gelditzea da azken helburua.

IMEO programaren helburuak era eraginkorrean bete eta, aldi berean, energia berriztagarrietarako trantsizio sendoa egitea lortuko balitz, poz-pozik esango nuke 50 urte barru nire ikerketa-arloa galzorian legokeela, ez bailitzateke izango giza jatorriko metano-isuriak detektatzeko beharrik.

Hala ere, satelite bidezko behaketa ia mugagabea den bezala, Lur planetan dauden eta izango diren arazo eta inkognitek mugagabeak izaten jarraituko dute, seguraski; beraz, seguru nago puska baterako lana izango dugula oraindik.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.