2017/06/12
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Izena denean gaitza
Izena duena, bada”. Rafael Yuste neurobiologo ospetsua Estatu Batuetan bizi da eta jatorriz ez da euskalduna, baina oso gogoko du esaldi hori, eta behin baino gehiagotan erabili izan du bere artikulu eta hitzaldietan. Dioenez, hori da bere helburua: neuronei izena jartzea, eta, horrekin batera, haien izaera eta funtzioa ulertzea. Beraz, esapideak kutsu ona du Yusterentzat. Ez da beti horrela, ordea.
Izenak berak kutsu okerra edo ezkorra duenean, izanari eransten zaio, eta hori kaltegarria izan daiteke. Hori gertatzen da, esaterako, gaixotasun batzuk diagnostikatzean. Gaitzari zein izen jarri, era batera edo bestera tratatuko dute gaixoa, eta kalterako izateko arriskua bereziki handia da diagnostikatzeko zailak diren gaitz konplexuetan edo izen berarekin izendatzen diren sindrome zabaletan.
Horren adibide bat eskizofrenia da. Beste neurologo batek, Bartzelonako Sant Pau ospitaleko Luis Querolek, artikulu batean azaldu zuen askotan, pazienteak haluzinazioak baditu, eskizofrenia diagnostikatzen dela. Eskizofreniarekin lotutako odoleko markatzailerik ez dagoenez, sintoma horretan oinarritzen direla medikuak. Baina, neurri batean, diabetea egarrian oinarrituta diagnostikatzearen antzekoa dela uste du Querolek. Haren iritziz, arazo larria da hori, ondoren pazienteari jarriko zaion tratamenduan ez ezik, beste alderdi batzuetan ere eragiten baitu izenak, hala nola ikerketan eta baita ezartzen diren politiketan ere.
Gainera, buruko beste gaixotasun asko bezala,
eskizofrenia oraindik oso estigmatizatuta dago gizartean, eta orokortzeak ez dio inolako mesederik egiten eskizofreniaren irudiari, eta are gutxiago diagnostiko hori jaso duten pertsonei.
Zorionez, gero eta zabalduago dago horren inguruko kezka, eta horren erakusgarri da
British Journal of Medicine aldizkariak iaz argitaratu zuen artikulu bat. “
Eskizofrenia ez da existitzen” da haren izenburua, eta gaitzak izendatzeko sailkapena berritzea aldarrikatzen du. Artikulugilearen esanean, oraingoa sintometan oinarritzen da, eta ez denez batere zehatza, mesede baino kalte handiagoa egiten du.
Dena den, “eskizofrenia” izenarekin ezagutzen den asaldura-multzoa ez da arazo hau duen bakarra. Epilepsia ere, gehienetan, sintoman oinarrituta diagnostikatzen da, eta tratamendua ere sintomatikoa izaten da; hau da, konbultsioak eragozteko helburua izaten du. Berez, ordea, aurrena jatorria ezagutu eta gero horren araberako tratamendua jartzea izango litzateke onena. Eta gauza bera beste hainbat gaixotasunekin ere, diabetetik hasi eta minbizietaraino. Hasiak dira horretan; ea azkar eta ondo asmatzen duten.
Berria egunkarian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.