1981eko ekainean deskribatu ziren gerora Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea (HIES) deituko zenaren lehenengo kasuak, eta handik aurrera gaixotasuna hedatuz joan zen. 1984an, aurreko urtean isolatutako Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) HIESaren eragilea zela baieztatu ostean, uste zen azkar garatuko zela txerto eraginkor bat. Garai hartan, ordea, inork ez zekien GIB birusaren aurkako txertoa lortzea bestelako birusen aurkako txerto arrakastatsuak lortzea baino askoz konplexuagoa izango zela. Gaur egun txerto biral gehienak birus motelduetan eta ez-aktiboetan oinarritzen dira, baina bi aukera horiek baztertu ziren arriskutsutzat hartzen baitzituzten. Hortaz, eta B hepatitisaren aurkako txertoaren ereduari jarraituz, komunitate zientifikoak GIB birusaren gainazaleko glikoproteinan oinarritutako txertoen alde egin zuen. Zoritxarrez, 30 urte igaro ondoren, ez daukagu GIBaren kontrako txertorik eskura.
Azken hamarkada honetan, aldiz, aurrerapen handiak erdietsi dira gaixotasunaren kontrolean. HIESari buruzko Nazio Batuetako Programa Bateratuaren (UNAIDS) 2013ko txostenak jakinarazi du HIESaren ondoriozko heriotzak eta infekzio berriak heren bat gutxitu direla balio maximoekiko. Prebentzio- eta tratamendu-programak ezartzeak ekarri ditu hobekuntza horiek, antirretrobiralei esker nagusiki. Antirretrobiralek, gaixotasunaren garapena eta heriotza saihestu ez ezik, birusaren transmisioa % 96raino murriztu dezakete. Errenta txiki eta ertaineko herrialdeetan, erretrobiralak jasotzen dituzten pertsonei dagokienez, 2002. urtean 300.000 pertsona izatetik 2012an 9,7 milioi pertsona izatera pasatu ziren.
Bestalde, prebentziozko metodoek ere eragin positiboak izan dituzte, hala nola gizonezkoen borondatezko zirkunzisioak, zeinek birusaren transmisioa % 60 gutxitu baitezakete, eta amarengandik seme-alabenganako birusaren transmisioaren prebentzioak, zeinak eragotzi baitu 2009tik 2012ra 670.000 haurrek birusa harrapatzea. UNAIDSen helburua da neurri horiek gehiago zabaltzea, birusaren infekzio berriak ahalik eta gehiena murriztearren. Beraz, txerto eraginkor baten beharra al dugu pandemia latz hau deuseztatzeko?
Erantzuna baiezko biribila da. Birusari aurre egiteko metodoak gero eta eskuragarriago egon arren, 2012an 35,3 milioi lagun GIB-1 birusarekin bizi ziren, % 70 Saharaz hegoaldeko Afrikan. Egunero 6.300 infekzio berri gertatu ziren, % 95 errenta txikiko eta ertaineko herrialdeetan, eta baliabide gutxieneko herriek dituzten zailtasunak nabarmendu ziren. Izan ere, nahiz eta aurrerapenak egon diren, herri horietako hartzaile potentzialen % 34k soilik jasotzen ditu antirretrobiralak. GIB birusaren aurkako borrokan, herri behartsuenak oraindik ere nazioarteko laguntzaren esku daude. Hala ere, herri baten baliabide murriztuak ez dira oztopo bakarra. Ekonomia garatuetan ere gertatzen da birusaren transmisioa, nahiz eta informazio eta baliabide asko duten eskura. Neurriak hartzeko erantzukizuna norberarena izatearen ondorioa da batik bat, hau da, prebentzioa norberaren aukera osasungarrien mende dagoelako. Espainian, urtetik urtera ia ez da murrizten infektatu berrien kopurua. 2012an, 3.210 infekzio berri jakinarazi ziren; 161 Euskadin. Gainera, banako batek ez jakitea eramaile dela arazo izugarria da; infektatu horiei, Espainian 45.000 inguru, leporatzen baitzaie birusaren transmisioaren parterik handiena.
Horrek guztiak erakusten digu txertorik gabeko testuinguru batean oztopo asko daudela birusa desagerrarazteko. GIB/HIESaren oraingo joera mantenduz, 2020an ezarritako txerto hipotetiko batek, partzialki eraginkorra izanda ere, errenta baxuko eta ertaineko herrialdeetan eragin itzela izan dezake. Hain zuzen, Hiesaren aurkako Txertoa Garatzeko Ekimenak (IAVI) balioztatu duen legez, 5,2-10,7 milioi GIB infekzio berri ekidingo lituzke. Horrek, gainera, eragingo luke antirretrobiraletan 46-95 mila milioi dolar aurreztea. Bestalde, osasun-zainketarako azpiegitura egonkorrik eskura ez dutenei dosi bakarreko edo gutxiko tratamendua jasotzeko aukera emango lieke txerto batek, eta, infekzioa saihesteaz gain, bizitza osorako antirretrobiralen tratamendu garestia ekidingo luke. Errenta baxuko eta ertaineko herrialdeetan, antirretrobiralen eskuragarritasuna diru falta baino askoz konplexuagoa da. GIB-positibo diren pertsonen estigma sozialak eragiten du horietako askok kliniketara sendagaien bila joateari uko egitea. Gainera, zenbait herrik pairatzen duten malnutrizioak antirretrobiralaren eraginkortasuna murrizten du.
Hortaz, GIB birusaren aurkako txerto baten alde egin beharko genuke. Birusaren aurkikuntzaz geroztik, birusari eta sistema immunearen funtzionamenduari buruz lortutako jakintzak txerto-diseinuaren estrategia berriak bideratu ditzake. Jakin badakigu ezen, infekzioaren lehenengo hiru urteetan, infektatuen % 20-30ek birusaren andui desberdinak neutralizatzeko gaitasuna garatzen dutela. Tamalez, ahalmen horren antigorputz erantzuleak ekoizten direnerako, birusaren gordailu latentea ezarrita dago jadanik. Horrexegatik, ahalegin biziak egiten ari dira antigorputz neutralizatzaile horiek nola eta zer baldintzatan ekoizten diren argitzeko. Azken urteetan ezagutzen diren antigorputz neutralizatzaileen kopurua handitu egin da. Antigorputzek birusaren gune zaurgarriak erakusten dituzte, eta, horien ezaugarriak ikertuz, txerto batek antigorputzak ekoizteko behar dituen osagaiak zehaztu daitezke. Gainera, jakitera eman dutenez, Thailandian egindako RV-144 txertaketa-saikuntzak emaitza arrakastatsuak izan ditu, non % 31eko eraginkortasun xumea lortu baita. Erantzun immune babesle horien ikerketak ere birusaren aurkako borrokan lagundu dezake.
Azken urteetako joera txerto-ikerketaren finantzaketa murriztea izan den arren, komunitate zientifikoak lankidetza bultzatu du, jakintza kolektiboaren eta ikerketa-azpiegituren erabileraren eraginkortasuna hobetzeko, jakintza-alor anitzeko taldeak eratuz. Nolanahi ere, txerto eraginkorra izan arte, prebentzio-metodoak sustatu eta zabaldu beharko dira, pandemia modu eraginkorrean kontrolatzeko. Bereziki garrantzitsua da ez gizarteak ez finantzatzaileek ez pentsatzea birusa garaitzeko zorian gaudela, horrek eragin kaltegarriak ekar baititzake, neurri gutxiago hartzeko arriskua egongo litzatekeelako.