Ikerketa askok erakusten dutenez, generoak arraila handia markatzen du oraindik ere neska-mutilen artean ikasketak aukeratzeko garaian. Neskek joera handiagoa dute humanitate-gaietarako; mutilek, berriz, zientzia eta teknologiarako. Derrigorrezko eskola-garaia amaitutakoan ikasketak aukeratzean, orduan agertzen da, nabarmen, generoak eragindako desberdintasuna. Bai lanbide-heziketan bai unibertsitate-aurreko nahiz unibertsitateko mailetan, ederki ikusten da generoak nola dauden banatuta aukeratutako ikasketetan. Unibertsitatean, osasunaren zientzietan, ikasleen hiru laurden baino gehiago emakumeak dira; alabaina, ingeniaritzetan eta arkitekturan, gizonezkoak dira gehienak. Orotara, ikasketa teknikoak --batez ere, ingeniaritzak eta arkitektura-- arlo oso maskulinizatuak dira.
Oro har, emakumeak kopuruz gehiago diren ikasketak gizartean emakumezkoenak jotzen diren rol edo elementuekin lotutakoak izaten dira, adibidez, hezkuntzarekin edo zaintza fisiko, emozional, elikadurazko edo sozialarekin lotutakoak. Feminizatutako graduen bereizgarri den besteenganako joera hori ez da ondo errotzen, nonbait, ikasle gehienak mutilak diren graduetan, askoz izaera enpresarial, industrial eta instrumental markatuagoa dutelako (izaera maskulinoa tradizioz). Datuok generoaren ikuspegitik irakurriz gero, burura etortzen zaigu zer mekanismo ikusezin ote dabilen hor atzean, lanbide-aukeran generozko rolak eta joerak sekulakotzen.
Neska ikasleen emaitza akademikoei buruzko azkeneko datuek erakusten dutenez, mutilen parekoak edo hobeak dira nesken emaitzak bai unibertsitate-aurreko ikasketetan bai unibertsitatekoetan; hortaz, zientzia eta teknologiako alorretan hain emakume gutxi egotea ez da neskek gaitasun gutxiago dutelako, baizik, inkontzienteki, bizkarra ematen diotelako diziplina horien ikasketei ematen zaien teknozientziaren ikuskerari jakinari.
Zientziari buruzko ikerketa sozialak eta eskolako zientzietako genero-azterketak biltzen dituen "Generoa eta Zientzia" ikerketa-ildoaren ekarpenek agerian utzi dute zientziaren irakaskuntza-ikasketak ez daudela subjektu neutro batentzat bideratuta, eta ez dutela ez eduki ez metodologia orekaturik ere; alderantziz, estrategia jakinak diseinatzen dituzte zeinak, praktikan, ikasleen interesak eta aurreko esperientziaren eraginez, ikasketa nahiz lanbide zientifiko-teknikoak aukeratzen dituzten emakumeak baztertzera jotzen duten.
Norberaren gaitasun akademikoei buruzko pertzepzioa ere ezberdina dela erakusten du azterketak. Neskek uste apalagoa daukate beren gaitasunei, errendimenduari eta etorkizuneko arrakastari buruz, baita mutilek bezain ondo edo hobeto egiten badituzte ere normalean gizonezkoen zeregintzat hartzen ditugun zereginak. Alabaina, ez dute beren buruez hain uste apala normalean emakumezkoen zeregintzat hartzen ditugun zereginetan, eta horrek erakusten du benetan estereotipoek itzelezko eragina daukatela norberak bere buruaz daukan kontzeptuan. Eta ez dugu ahaztu behar, gainera, askotan diziplina zientifikoetako irakasleek, joeraz, gehiago jarduten dutela gizonezko ikasleekin, eta nesken aldean, gehiago indartzen dituztela.
Jakina, ezin dugu hezkuntza-sistemaren lepoan jarri zientziaren eta teknologiaren arloan gertatzen den generokeriaren errua, ez erabat, behintzat; baina nolanahi ere, orain arte ez bezalako identitate femenino eta maskulinoak eraikitzen lagunduko duen eskolako kultura zientifikoa izan behar dugu helburu, horra iritsi behar dugu.
Jakintza zientifiko esaten zaionaren oinarri androzentrikoaren gainean eraiki da pedagogiaren metodologia tradizionala, eta, hala, arrazional, objektibo, abstraktu, logiko eta enpresa handietara bideratua bihurtu da. Ikuspegi horrek, ordea, ez ditu aintzat hartzen emakumeen jakintza eta esperientzia, nahiz emakumeek ere, bakarka nahiz multzoan, laguntza ederra eman izan duten bizitza sostengatzen eta garatzen belaunaldiz belaunaldi. Jakintza horren parte bat eguneroko bizimoduko ikasbidea da: etxeko lanak egitea edo ingurukoak zaintzea, eta halakoak beti gutxietsita egon dira alor akademikoan.
Fisikako programak betidanik maskulinotzat jotzen diren arloetan zentratzen dira oraindik ere, adibidez, mekanika, elektrizitatea edo magnetismoan, eta arreta gutxiago ematen zaie ustez behintzat neskak erakarriko lituzketen gaiei, hala nola energia nuklearra, fenomeno meteorologikoak edota fisikaren aplikazioak medikuntzan edo artean.
Eta ezin dugu ezikusia egin emakumezko zientzialari zientifiko eta teknologo gutxi, edo batere ez, egoteari, horrek ere kalte egiten dielako neskei, jarraitzeko eredu femeninorik eduki ezinik.
Azkenik, bada beste faktore garrantzitsu bat kontuan hartu beharrekoa emakumeek zientzian duten papera aztertzeko: lanbidean aurrera egiteko emakumezko zientzialariek eta teknologoek topatzen dituzten oztopoak. Gainerako arloetan ere izaten dute emakumeek oztopoa eta zailtasuna, baina arlo honetan are gogorragoa izan da emakumeenganako bazterkeria.
Ahalegina egin behar dugu ikerketak emakumeei buruzkoak ere izateko, emakumeek emakumeentzat eginak; alegia, kontua ez da gero eta emakume zientzialari eta teknologo gehiago egotea, baizik eta emakumeen bizi-kalitatearen eta interesen mesederako ikerketak ere egin daitezela. Berdintasunerako bide hau ez da emakumeen mesederako bakarrik; ikerketa justuagoa eta objektiboagoak ere ekarriko ditu, egunero bizimodua hobetzen lagunduko dutenak.
* Alor honetako ikasbideetan, generoaren estereotipoak gainditzen dituzten bokazio tekniko-zientifikoak sustatzeko estrategiek merezi dute nabarmentzea. Ikasturte honetan EAEko lehen hezkuntzako hamar eskolatan aplikatu da (Zientziari So programa: www.zientziariso.org, UPV-EHUk bultzatuta).
* 2000. urtean, zientzia-erakundeetako erantzukizunezko postuetan emakumeak urri direla ikusita, ETAN txostena prestatu zuen Europar Batasunak, eta emakumeek zientziaren arloan daukaten posizioari buruzko datu kualitatiboak eta kuantitatiboak jakinarazi zituen.
* Objetivo 15 proiektua, Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkarteak (APTE) eta Berdintasun Ministerioak bultzatutakoa. 2009. urtean abiatu zen, parke zientifiko eta teknologikoetako emakumeei Espainiako enpresa kotizatuetako administrazio-kontseiluetan sartzen laguntzeko. Objetivo 15 proiektuari esker, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoak emakume zuzendarien sare bizi-bizia sortu zuen, batzuen eta besteen esperientziak elkarri banatzeko eta zuzendaritza-mailan berdintasuna indartzeko helburuz.