Garoña, istorio amaigabea

Urresti Gonzalez, Aitor

Energian aditua eta EHUko irakaslea

garona-istorio-amaigabea
Arg. Santa Maria de Garoña

Orain urte bete, Garoñako zentral nuklearraren aurrera joan ginen, zentralaren behin betiko itxiera ospatzeko. Zentralaren bizitza luzatzea eskatzeko epea amaitzear zegoen. Hori dela eta, urtero zentralera egiten den martxak jai giro ezin hobea izan zuen. Urtebete pasa da ordutik, eta tartean denetarik gertatu izan da.

Garoña 1970ean jarri zen martxan, eta estatuan martxan dagoen zentral nuklearrik zaharrena da. Jabea Nuclenor da, Iberdrola eta Endesak osatzen duten enpresa. Zentral txikia da, 460 MW-ko potentzia du, eta estatuko elektrizitatearen % 1,4 sortzen du. Bere bizitza baliagarria 40 urtekoa izanik, 2011n amaitzen zen baimena, baina orduko gobernuak 2013rarte luzatu zuen. Eta 2013tik aurrera martxan jarraitzeko, baimen berria eskatu behar zuten, baina hori egiteko epea pasatzen utzi zuten. Izatez, luzapen hori aurrera eroateko, Garoñak hainbat hobekuntza egin behar zituen, gutxienez 120 milioi euroko aurrekontua zituztenak, Fukushimako istripuak eragindako segurtasun-eskakizun berriak behartuta. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN) argitaratu zuen orduan zentralaren irtenbide bakarra ixtea zela, uztailaren 6an.

Hobekuntzak egin beharra nahikoa ez, eta gobernuak legedia aldatu zuen erregai nuklearraren gaineko zerga bat ezarriz. Nuclenorren esanean, zerga horrek 150 milioi euro baino gehiagoko gastua ekarriko lioke Garoñari. Hori horrela izanda, urte honen hasieran Garoñako zentrala gelditu egin zen, zerga berria ez ordaintzeko. Bazirudien behingoz istorio amaigabe honen azken orriak irakurrita zeudela.

Baina suspenseko pelikuletan gertatzen den bezala, egun batetik bestera argudioak buelta eman zuen. Bagenekien Nuclenorren eta gobernuaren artean hizketaldiak zeudela zentralaren etorkizunaren inguruan, eta maiatzean gure susmoak egia bihurtu ziren.

Gobernuak zentralaren luzapena ahalbidetzeko dekretu berria atera nahi zuen, eta CSNren baimena lortu zuen. Cristina Narbonak, CSNko kontseilariak, gobernuaren aldetik izandako presio gogorrak salatu zituen, erakundearen independentzia zalantzan jarriz.

Zelan liteke, hilabete batzuk lehenago zentralen errentagarritasun ekonomikoa zalantzan zegoela aitortu ondoren, Nuclenorrek oraindik ere zentrala martxan jarraitzea nahi izatea? Baliteke horren erantzuna gobernuak argitaratzear duen lege elektriko berrian egotea.

Gobernuak Garoña berriz martxan jartzeko bidea irekita zuen, baina guztia amaitutzat ematen genuenean... dekretu berria argitaratzeko epea pasatzen utzi zuten. Oraindik ez dago argiegi une horretan gertatutakoa, baina badirudi dekretu berri hori aurrera ateratzeko epe administratiboak betetzeko modurik ez zegoela.

Zentrala geldirik zegoen, eta luzapena eskatzeko biderik gabe. Bazuen berriz ere martxan jartzeko modua, ustiapen baimen berri bat eskatuz. Zentral berri bat martxan jartzeko prozesu guztia jarraitu beharko luke, ingurugiro inpaktuko ebaluazio berria barne. Baina gobernuak ez zuen azken hitza esanda, eta bide berri bat ireki zuen. "Ustiapeneko aldi baterako etenaldia" deritzaion egoera berria definitu zuten, berriz ere martxan jartzeko prozedura erraztuz. Une honetan, dekretu berria argitaratu gabe dago oraindik.

Bien bitartean, Ebro ibaiko ura hozketarako erabiltzeko baimena amaitu zitzaion zentralari, eta berritzea eskatu zuen. Uda honetan heldu da baimen berria, baina lehen baino eskakizun zorrotzagoak dakartza berarekin. Ebro ibaiko ura larregi berotzen delakoan (30 ºC baino gehiago hartzen ditu), zentralak hozketa-sistema berria eraiki beharko luke, edota bere potentzia murriztu. Azken hori nahiko zaila da zentral nuklear batentzat. Almarazeko zentral nuklearrak hozketa-sistema hobetu behar izan zuen, Garoñak dituen eskakizun berdinekin, eta 30 milioi euroko inbertsioa egin behar izan zuen.

Une honetan, beraz, Garoñaren etorkizuna airean dago. Ustiapen-baimen berria eskatu lezake, baina kasu horretan berritzeko lan garestiak egin beharko lituzke: Fukushimaren istripuaren ondorioz egin beharreko eraldaketa gutxienez 120 milioi euro kostatuko litzaioke, eta Ebro ibaia berotzea ekiditeko hozketa-sistema berria, beste 30 milioi euro. Horrez gain, erregai nuklearra kudeatzeko zerga berria ordaindu beharko luke; Nuclenorrek aurreikuspenen arabera, 150 milioi euroko gastua. Diru larregi izan liteke hain ekoizpen txikia duen zentral zaharkitu batentzat. Gogora dezagun zentrala 40 urtez martxan egoteko diseinatu zela, eta azken urteetan arazo tekniko ugari izan dituela. Hortaz, nahiz eta berriz martxan jarraitzeko baimena lortu, badirudi urte gutxirako izango litzatekeela, eta, horrenbestez, epea ez litzateke nahikoa izango birgaitze-lanak amortizatzeko.

Guzti horrek zalantza pizten du. Azken finean, zergatik hainbeste mugimendu gobernuaren eta enpresaren artean, hain txikia den zentral baten bizitza luzatzeko? Zoritako zentralaren bizitza amaitu zenean, ez zen horrelako arazorik sortu. Bi kasuen arteko desberdintasun nagusia da une honetan lege elektriko berri baten zain gaudela. Baliteke, beraz, Nuclenorren eta gobernuaren arteko tirabira honetan, Garoña martxan jarraitzea baino zerbait gehiago egotea jokoan, eta mahaiganean dauden piezetatik bat baino ez izatea Garoñako zentrala Lege elektriko berrian ziklo konbinatuko zenbait zentral ixteko proposamena dator, eta kapazitateko ordainketak ere berriro kalkulatuko dira. Litekeena da Nuclenor gobernuarekin negoziatzen aritzea, legedi berri honetan egoera abantailatsu bat lortzeko, Garoñako zentralaren itxieraren truke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila