Euskal haize-erroten galdetegia

Barcena Hinojal, Iñaki

Zuzenbidean lizentziatua, Gizarte eta Politika Zientzietan doktorea eta Ekopol ikerketa-taldeko kidea

euskal-haize-erroten-galdetegia
Arg. Jose Angel Urquia Goitia/CC40

Kixote berriak al dira euskal ekologistak? Azken 50 urteetan euren kartel eta argitalpenetan aerosorgailuen sinboloa jite alternatibo eta positibo moduan agertu da ia beti, eta orain… “mendietan ez” banderak eta pankartak Euskal Herriko hainbat bailaratan topa ditzakegu, sorgailu eoliko erraldoi berriak deitoratuz. Zer ari da gertatzen? Nondik eta zergatik dator aldaketa hori?

Euskal Herriko mapari begirada bat eginez, berehala konturatzen gara instalazio eoliko industrial hauek gure geografian zehar oso modu asimetrikoan daudela barreiaturik. Itsasoan zero eta Iparraldean bat ere ez. Bizkaian bi (Abran eta Oizen), Araban bat (Badaian) eta beste bat Gipuzkoako eta Arabako mugan (Elgea-Urkila). Nafarroa garaiko lurraldean, aldiz, 32 parke eoliko zenbatzen ditugu. Zergatik hain diferentzia handia? Nafarroa zabalagoa delako? Bai, baina orduan 7-8 egongo ziren Nafarroan, proportzioan. Edo EAEn 25 instalazio. Non dago desoreka horren koxka? 

Badago beste datu kurioso bat. Instalazio eoliko industrial hauen ekimenak bai Nafarroan eta bai EAEn instituzio publikoetatik jaio ziren, baina gaur egun bi espazio autonomikoetan esku pribatuetan daude. Denak. Pribatizazio hori zergatik?

Dena den, orain, istiluaren mamia ez dago ditugun aerosorgailuen inguruan baizik eta etorriko direnen auzian. Zergatik? Hori ez al da ekologistek beti errebindikatu duten alternatiba? Petrolio eta erregai fosiletatik energia berriztagarrietara trantsizio energetikoa ez dute egin nahi?  

Nire uste apalean, trantsizio energetikoa, garapen jasangarriarekin edo demokrazia parte-­hartzailearekin gertatu den moduan, hitz pol(is)emikoa bihurtu da, signifikante huts bat, non eragile bakoitzak nahi duena sartzen omen duen. Eta gauden krisi energetikoaren aurrean, eta hori inor gutxik ukatzen du, oso iritzi desberdinak eta kontrajarriak aurkitzen ditugu Euskal Herriko eragile sozio-politikoen artean. Eta nago eztabaida demokratikorako ez dagoela espaziorik, ezta gogo instituzionalik. 

Zergatik ez dago planifikaziorik? Zergatik sortu dira hainbeste proiektu berri pandemiaren ondoren, eta ez da eztabaidatzen zenbat energia elektriko behar ote dugun? Jabegoa publikoa, komunitarioa edo pribatua izango da? Zenbat aerosorgailu behar ditugu, eta non kokatu daitezke? Zergatik mendietan bai? EAEko “PTS” direlakoak markatzen duen arabera edo ez? Galdera hauek, antza, merkatu librearen logikaren aurkako bekatu larria dira eta ez dira politikoki zuzenak. 

Euskal herritarrok beste herrialdeekiko zor ekologiko erraldoia dugu. Batez ere kontsumitzen ditugun errekurtso energetiko eta materialengatik eta sortzen ditugun kutsadurengatik ere, CO2-a adibidez. Horregatik, zor hori kitatzeko eguzki-energiaren aldeko pausoak ezinbestekoak ditugu.

Joan den urtean, gure ikerketa-taldeak hamabost eragile soziopolitikorekin (instituzionalak, aktibistak, enpresak, akademikoak…) energia berriztagarrien auziaz hiru mahai-inguru antolatu genituen. Adostasunak? Dependentzia energetikoa amaitzeko urgentzia, bide demokratikoetatik eta praktika sozialak aldatuz. Aldiz, hamaika desadostasun topatu genituen, aerosorgailuen gatazkari zuzenean aplika dakizkiokeenak. Sinplifikatzearren, argudioak hiru ardatzetan lerratu daitezke. Batetik, hazkunde iraunkorra eta tekno-zientziaren beharra, non energia merkantzia bat bezala ulertzen den. Horren ifrentzuan, desazkundea eta ekofeminismoaren diskurtsoa kokatu ditzakegu, non logika berriak bilatu behar diren eredu energetikoa errotik aldatzeko. Eta erdibidean diskurtso pragmatikoa, trantsizio energetikoaren bideragarritasunean oinarritzen dena, egungo gizarte-eredua abiapuntutzat hartzen duena, helmuga eta bidea desberdinduz. Zein da gaur egun indartsuena? Lehenengoa duda izpirik gabe. Beste biak elkartu daitezke? Agian. 

Brasilgo aktibistengandik aspaldian ikasi genuen energia zertarako? eta norentzat? itaun nagusiak erantzuteko omen direla. Ados gaude?

-> Parke eolikoak, bidezko trantsizioa eta klima-aldaketa

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila