Itsas energia aprobetxatzea ez da berria, mendeetan zehar erabili baitziren marea-errotak. Kantauriko eta Ingalaterrako kostaldeetan horien aztarnak daude oraindik. Mareen energia itsas energiaren bost iturrietako bat da. Ilargiaren eta eguzkiaren grabitate-erakarpenek egunean zehar eragiten duten itsas mailaren igoera eta jaitsiera aprobetxatzen du. Hauek dira gainerako laurak: itsas korronteak, gradiente termikoa, gatz-gradientea eta olatu-energia. Haizeak, mareek, uraren dentsitate-aldaketek eta Lurraren errotazioak eragiten dituzte itsas korronteak; eta, gaur egun, turbinen bidez lortzen da energia hori, energia eolikoan egiten den antzera. Gradiente termikoak azaleko uraren eta ur sakonen arteko tenperatura-aldaketa erabiltzen du. Eta gatz-gradienteak, berriz, itsaso eta ibaien arteko gazitasun-aldaketa. Azkenik, olatu-energia da azpimarragarri: hainbat printzipioren bidez, olatuen mugimenduetatik energia jasotzen saiatzen da. Europa mailan, korronteenarekin batera, hornikuntza-ahalmen handiena duen energia da.
Gaur egun funtzionatzen duen itsas teknologiako adibide zaharrenetarikoa Frantzian dagoen La Rance-ko marea-zentrala da. 240 MW-ko potentzia du, eta 60ko hamarkadaz geroztik dago martxan. Teknologia heldua da dagoeneko, baina ingurumen-inpaktu handia eragiten du, eta ikerketa kontzeptu berrietara jotzen ari da, olatu eta korronteetara, batez ere.
Nazioarte mailan, hainbat proiektu pilotu itsas teknologien bideragarritasuna frogatzen saiatzen ari dira. Bai Eskoziako Islay uhartean, baita Portugaleko Pico uhartean ere, olatu-energiaren instalazio pilotuak daude. Arroken gainean eraiki dira biak, eta ur-zutabe oszilatzailearen printzipioan oinarrituz, olatuen energia aprobetxatzen dute. 2008.urtean, Pelamis Wave Power eskoziarra izan zen lehena Portugaleko gobernuari Pelamis gailuaren 3 ale saltzen. Hala ere, ekipoak ez daude martxan gaur egun. Instalazio garrantzitsuenetako bat European Marine Energy Centre test gunea da. EMEC Eskoziako Orkney uharteetan dagoen azpiegitura aitzindaria da, fabrikatzaileek eskalako prototipoak probatzeko eta beren ekipoetatik sarera konektatzeko egina.
Espainian, gobernu autonomiko batzuek olatu-energia aprobetxatzeko interesa adierazi dute, eta esperimentazio-proiektuak aurrera eramaten ari dira; esaterako, Kantabrian, Iberdrolaren proiektuaren eta OPT konpainia amerikarraren buiaren bidez, eta Kanariar Uharteetan, Plocan proiektua. Industria Ministerioak diruz lagundutako PSE-MAR proiektuaren barruan, beren teknologien garapenean aurrera egin dute 3 enpresa espainiarrek: Hidroflot, Pipo Systems eta Oceantec
Martxan dauden proiektu txiki ugariak kontuan izanda, olatu-energiak gaur egun aurrean duen errealitatea ondoriozta daiteke: dibergentzia teknologikoa. Izan ere, patentatutako kontzeptu asko daude, baina bakar batek ere ez du merkataritza-lidergorik adierazi. Hori gertatzen da teknologia hauek baliozkotzea zaila delako, ekipoak instalatzeko eta probatzeko entsegu-azpiegiturarik eza dela eta.
Euskal Herriak, Bizkaiko Golkoan dagoenez, ipar-mendebaldeko hondoko itsasoa du ia urte osoan, eta olatuen energia-potentzial ertaina-handia. Energiaren Euskal Erakundea (EEE) aukera horretaz jabetu da, eta urteak daramatza baliabide horren alde egiten, hainbat proiektu eta ekimen martxan jarriz. Horietako lehena Gipuzkoan dago: Mutrikuko portuko babes-kai berriaren barruan dagoen olatu-energiako instalazioa. Eskozia eta Portugaleko instalazio pilotuetan erabiltzen denaren antzeko teknologia du: itsas mailaren gaineko ganbera bat, non azpialdeko irekieran turbina bat dagoen. Ura sartzen denean, ganberaren goiko aldeko airea mugitzen du, eta hala, turbina martxan jartzen da. Mutrikukoa, dena den, turbina bat baino gehiago erabiliko dituen munduko lehen instalazioa izango da, 16, zehazki, eta, guztira, 300 kW inguruko potentzia izango du.
Proiektuetako beste bat bimep da (Biscay Marina Energy Platform); 20 milioi euroko inbertsioa aurreikusten zaio itsasoko azpiegitura horri, eta olatu-energia aprobetxatzeko teknologien inguruko saiakuntzak egiteko eta frogatzeko erabiliko da. Eskoziako EMEC ez bezala, eskala errealeko prototipo-entseguak egiteko eta frogatzeko pentsatua da, eta instalatutako potentzia 20MWekoa izango du. Proiektu horren helburua ez da bakarrik teknologien balioztatze-arazoa konpontzea, baizik eta Euskadi arlo honetan nazioarteko erreferente bilakatzea, eta energia honen inguruko industria- eta teknologia-sektore berria sortzea.
Armintza parean, kostaldetik 1 km-ra, kokatuko da bimep, Lemoiz herrian. Kilometro karratu gutxi batzuetako itsas azalera hartuko du, 50 eta 90 metro bitarteko sakonera dagoen lekuan. Hauek dira instalazioa osatzen duten elementuak: gainazaleko azalera mugatzen duten markaketa-buiak; aldaera meteorologikoak eta ozeanografikoak neurtzen dituen buia ozeanografikoa, eremuaren itsas klima zehazki karakterizatzeko --2009ko martxoan instalatu zen, eta orduz geroztik igortzen ditu datuak (www.eve.es/bimep)--; eta kaptadoreak; azken horiek ez dira izango instalazioaren zati, instalazioa erabili egingo dute. Itsas hondoan konektoreak (itsaspeko "entxufeak") eta itsaspeko kableak instalatuko dira, eta lurrean eraikiko den azpiestazio baten bidez, prototipoak sare elektrikoari konektatuta egotea ahalbidetuko dute.
Olatu-energia hartzeko gailuen fabrikatzaileek beren eskala errealeko ekipoak konektatzeko, eta, hala, ekipoen jokaera dinamikoaren eta energia-ekoizpenaren inguruko entseguak egin ahal izateko sortu zen bimep. Bimep-era iritsi baino lehen, beste fase batzuk gainditu behar dituzte ekipoek, eskala txikiko prototipoen entsegu bidezkoak, kontrolatutako baldintzetan eta diseinuaren optimizazioan.
Bimep-en instalazio-obrak 2011ko udarako daude aurreikusita. 2009ko azaroan, batetik Jabetzaren Ingeniaritzako lehiaketa Sener ingeniaritza-enpresa euskaldunari esleitu zitzaion, eta, bestetik, kableen instalazio-hornidurarako lehiaketa argitaratu zen. Laster azpiestazioarenak eta balizajearenak argitaratuko dira.
OHARRA: eskerrik asko José Luis Villate Tecnaliako Itsas Energien Unitateko arduradunari, artikulu hau egiteko emandako laguntzagatik.