Espezie basatien eta pertsonen interesen arteko gatazkak

Saiz Elizondo, Rafa

Itsas Enara Ornitologia Elkartearen lehendakaria

Egunkarietan gero eta maizago irakurtzen dugu halako animalia ikaragarri ugaritu dela eta ez dagoela hori onartzerik, arazoak sortzen dituela eta "zerbait" egin beharra dagoela. Amuarrainzaleek, ugarroi, igaraba eta koartzak ezin omen dituzte ikusi; abeltzainek, saiak; eta kaletarrek, kaioak. Esan gabe doa espezie horiek desagertzeko zorian egon zirenean ezer gutxi kontatzen zigutela hedabideek; hura, nonbait, ez zen arazo. Gaur egun ere ez digute kinka larrian dauden espezieen berririk ematen ia, non eta ez den publizitatea egiteko aitzakia.
Espezie basatien eta pertsonen interesen arteko gatazkak
2010/04/01 | Saiz Elizondo, Rafa | Itsas Enara Ornitologia Elkartearen lehendakaria
(Argazkia: Marc Lagneau)

"Donostiarra iraintzea da hari pottorroa zer den azaltzea. Jakingo ez du ba!"

(Azkue'tar Dunixi, 1933: "Nire Herria, Atzo")

"Pinguino bat izan zen atzo Kontxan, eta kaioekin jolasean aritu zen"

(El Diario Vasco, Donostiako egunkaria, 1987).

Sarritan gertatzen da lehen urritutako espezie bat babestu, zaindu eta hari lagundu ondoren, berriro lehengo populaziora itzultzea, edo, itzuli gabe ere, lehengo eremu geografikoa berreskuratzea. Nahikoa izaten da, orduan, norbaitek uste izatea egoera neurriz kanpokoa dela eta espeziea ikaragarri ugaldu dela esatea, mass-mediek aho batez hari men egiteko eta sentsazionalismo-ukitu gutxi-asko zabar batez lau haizeetara zabaltzeko "espezie inbaditzailea" dela, desoreka ekologikoa dakarrela eta makina bat hondamendiren atarian gaudela. Horren guztiaren ondotik, erakunde publikoetako arduradun politikoek, beti iritzi publikoaren beldur, ez ohi dute denbora alferrik galtzen alarma gorria piztua dutela eta neurriak aztertzen ari direla adierazteko.

Batek pentsa lezake zilegi izan litekeela espezie arriskutsuak nolabait kontrolpean edukitzea. Baina lehoirik eta tigrerik ez dugu Euskal Herrian, eta gure lurraldean dauden piztia arriskutsuen guztizko populazioa hauxe da: BAT. Bai, hartz bat besterik ez dugu. Ez dirudi zentzuzko jokabidea, egoera horretan, natura babestu beharrean areago suntsitzeko erabakia hartzea.

Badira, halaber, gure ekonomia produktiboari eragiten dioten espezieak, eta horien kontrako neurriak dira, harrigarria bada ere, begirune handienaz egin direnak. Sail baten jabea, edo arrain-haztegi batena, bere negozioaz arduratzen da, eta saiatuko da animaliak ahalik eta urrutienera uxatzen, baina nekez eramango du espezie bat galbideraino. Ez du aparteko interesik espeziearen kontra, baizik eta bere negozioari eragiten dioten aleen kontra. Horrelako arazoak konpontzeko esperientzia arrakastatsu ugari bideratu dituzte ekoizleek, kontserbazionistek eta administrazioek, elkar hartuta. Salbuespena, jakina, intsektuak dira.

Eta lehiakide ditugun horiek, guk nahi ditugun baliabide horiexek berak kontsumitzen dituztenak? Ubarroiek eta igarabek arrainak harrapatzen dituzte, jakina; mirotzek, txori txikiak; eta azeriek, ahal dutena. Zilegi al da horien kontra jardutea, ez gure jana kentzen digutelako, baizik gure denbora-pasa garestitzen dutelako? Ez genuke ahaztu behar haien bazka diren harrapakin horiek ere naturaren parte direla, ez dutela jaberik. Bareek ere jaten dituzte onddoak, birigarroek barraskiloak eta kurlinkek txirlak. Perretxiko-, barraskilo- eta itsaski-biltzaileak ez dira kexu, ulertzen baitute naturaren funtsa eta izaera horixe bera dela, eta konformatzen dira ahal dutena harrapatzen. Aldiz, ehiztari-arrantzale askok, argudio gordin eta zabarren bidez, erakunde publikoak presionatzen dituzte, guztiona den aurrekontuaren kontura lehiakide dituzten espezieen kontra egin dezaten. Eta, tamalez, helburua maizegi lortzen dute.

Esaten digute, halaber, kaioek eta usoek eta beste espezie askok hainbat gaixotasun transmititu ditzaketela. Ez da gezurra, noski; kontua da benetan ez dituztela transmititzen, beste baldintza asko ez delako betetzen. EAEn ez da pertsonetan hegazti-griperik ez ornitosi-kasurik izan. Hezeguneak leheneratzen hasi ginenean ere ez zen falta paludismoak jota akabatuko ginela zioenik, baina hemen gara. Alarmismo erraza oso tentazio handia da batzuentzat.

Zer esan, kalterik eragin ezik gogaitu besterik egiten ez diguten efektu horiei buruz? Usoen urruma, kaioen zarata... Honaino helduta, ez dirudi oso gizarte aurreratu eta orekatu baten ezaugarria horregatik akabatzen hastea.

Zer dago, baina, horren guztiaren atzean? Ez baitago zalantzarik lehen ez bezalako protagonismoa hartu dutela horrelako auziek. Alde batera utzita interes partikularrak (beti izango baita norbait ur ugerretan sarea botatzeko prest), gizartearen ezjakintasuna dagoela esango nuke. Gizarte ezjakin batek ez du irizpide propiorik esaten diotena behar den neurrian hartzeko, sinesteko edo baztertzeko, eta besteen mendean dago. Horren harira datoz goiburuko aipamenak. Lehen, toki batean bizitze hutsak bertako bizidunei buruzko jakintza, zuzena nahiz okerra, ematen zigun. Bizipen pertsonalaren zati ziren. Donostiarrak pottorroa ezagutzen zuen eta zegamarrak saia, nahiz eta gero esan pottorroak ez zuela hegan egiten eta saiak umeak harrapatzen zituela. Baina lehen urrats ezinbesteko hori egina zen; gero gerokoak: heztea, janztea, ikastea... Horretarako zeuden ikasketak, liburuak eta iturri fidagarriak.

Gaur egun, berriz, telebistan ageri ez dena ez da existitzen. Zorte pixka batez, liburuak edo Elhuyar aldizkaria irakurriko dute zenbaitek. Baina muturraren aurrean dugun hori existitzen denik ere inork gutxik daki. Egoera hala, komunikabideen lagun egiten denaren bertsioa gailenduko da lehenik, eta nekez aldaraziko dute hura ondoren datozenek. Eskertzekoa litzateke, beraz, erakunde publikoek informazio eta irizpide teknikoak erabiltzea soilik, eta lagun-koadrilei uztea taberna, egunkari eta elkarte gastronomikoetako eztabaidetan esaten diren sineskeria eta sasi-letratuen egia borobilak, automatikoki bereak egin gabe. Bestela laster ditugu berriz ere Donostiako pottorroak pinguino bihurtuta.

Saiz Elizondo, Rafa
2
263
2010
4
024
Zoologia
Analisia
54
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila