Esadazu non argitaratzen duzun... eta esango dizut nor zaren

Zientzia-argitalpenak eta haien inpaktu-indizea

Vecino Cordero, Elena

Zelulen Biologiako katedraduna EHUn

esadazu-non-argitaratzen-duzun-eta-esango-dizut-no
Arg. EDIT

Zientziaren aurrerapenak lotura estua du emaitzak zientzialarien artean komunikatzearekin. Urrats hori nahitaezkoa da; izan ere, jakintzan aurrera egiteko, aurrez beste ikertzaile batzuek lortu dituzten emaitzetan oinarritu behar da.

Zientzia-emaitzak espezializazio handiko aldizkarietan argitaratzen dira, eta horrelako aldizkarien aukera zabala da zientziaren alor bakoitzean. Aldizkarian argitaratzen diren zientzia-emaitzen zuzentasunaren, eta, beraz, fidagarritasunaren nolabaiteko segurtasuna eta kontrola izateko, pareko kideen bidezko berrikusketa ( peer review ) deritzon sistema du ezarria aldizkari bakoitzak, hau da, alorreko bi ikertzailek, gutxienez, egiten dute zuzentzaile zientifikoaren lana.

Zuzentzaile zientifiko horiek modu anonimoan berrikusten dute lana, txosten gutxi-asko xehatu bat egiten dute ikerketaren atalei buruz, eta lana argitaratzeko egokia den edo ez adierazten dute. Lan bat argitaratzeari buruzko erabakia, azken batean, argitalpen-batzordearen edo aldizkariko editorearen esku dago.

Ikertzaile batek bere emaitzak argitaratzea erabakitzen duenean, kontu handiz hautatu behar du zer aldizkaritara bidaliko dituen emaitzak, aldizkarien espezifikotasuna aintzat hartuta. Ikerketaren gai espezifikoa kontuan hartzeaz gain, aldizkariak izan dezakeen inpaktua ere aintzat hartzeko kontua da erabakia hartzean.

Aldizkari bakoitzari inpaktu-indize bat lotu zaio, kontuan izanda zenbat aldiz aipatzen diren bertan argitaratutako artikuluak beste lan batzuetan, zer garrantzi duten artikulu horiek aipatzen dituzten aldizkariek, bai eta zer urtetan aipatzen diren aldizkariko artikuluak. Datu horien eta beste batzuen arabera esleitzen zaio aldizkari bakoitzari inpaktu-indize deritzona, zeina baita zientzian argitaratzen diren lanak balioztatzeko neurri unibertsala une honetan. Zenbat eta handiagoa izan inpaktu-indizea, orduan eta zabalduagoa eta garrantzitsuagoa da aldizkaria.

Zientziaren arloa, beraz, argitalpenen inguruan antolatu da. Hala bada, emaitzak zenbat aldiz eta non argitaratu diren ia denerako neurria dira zientzian. "Esadazu non eta zenbat argitaratzen duzun... eta esango dizut nor zaren eta zer lortuko duzun" izan daiteke zientziaren inguruko munduaren laburpena gaur egun. Zientzia-argitalpenetan eta haien inpaktu-indizean oinarrituta ematen dira ikerketa-proiektuak, esleitzen dira plazak edo ikerketa-kontratuak, hauta dezakezu edo ez zer zentrotara joan lanera...; une honetan, zientzian, dena dago argitalpenen mende.

Horren guztiaren ondorioz, hainbat arazo sortzen dira. Argitaratzeko presioa dela eta, ikertzaile batzuek arinegi jokatzen dute, eta egiaztatu aurretik argitaratzen dituzte datuak, lehenak izatea lortzeko eta aldizkari onenean argitaratzeko. Horixe gertatu zen duela gutxi Japoniako RIKEN institutuak STAP ( stimulus-triggered acquisition of pluripotency ) zelula amei buruz egindako ikerketetan. Baina hori ez da kasu bakarra. Gauza bera gertatu zitzaion duela urte batzuk Hwang Woo-suk ikertzaileari Korean egindako ikerketekin; ikertzaileak giza enbrioien klonazioari buruzko artikulu bat argitaratu zuen 2005ean Science aldizkarian, baina beste egile batzuek ezin izan zuten errepikatu saiakuntza. Eta lehenago ere gertatu izan da hori beste herrialde batzuetako ikerketekin.

STAP zelulen kasuan, 2014ko otsailean ikusi zen akatsen bat zegoela ikerketa horretan, artikulua Nature aldizkarian argitaratu eta handik hilabete batera. Beste ikertzaile batzuek, argitalpena irakurri ondoren, saiakuntzak erreplikatzen saiatu baina lortu ez zutenean sortu zen arazoa. Esan denez, ikerketak Nature aldizkarian argitaratu ziren, inpaktu handienetako bat duen aldizkari batean, eta halako inpaktua izan zuten komunikabideetan akats horiek ere.

Argitalpenean deskribatutako aurrerapenean adierazten zen zelula somatikoak zelula ama bihurtu zitezkeela, besterik gabe, zelulak estres-egoeran jarrita, adibidez, pH fisiologikoa baino pH txikiagoan mantenduta. Artikulua erretiratu den arren, ikertzaileak bere emaitzetan sinesten jarraitzen du, eta aldizkari horretan bertan argitaratu du protokoloaren bertsio handiagotu are xehatuago bat, aurreko artikuluetan sartu ez ziren technical tips delakoekin, beste ikertzaileek berak lortutako emaitzak erreplikatu ahal izan ditzaten.

Inpaktu handiko aldizkarietan argitaratzeko sistemak dituen akats nabarmenak direla eta, zientzia-komunitateak kritika egiten dio sistemari; hala ere, inpaktuaren inguruko interesak hain handiak dira jada ezen oso zaila baita sistema desmuntatzea, baldin eta sistema hori gainditzen duen kalitatea neurtzeko beste sistema bat jartzen ez bada.

Ildo horretatik, Randy Schekman Fisiologia edo Medikuntzako 2013ko Nobel saridunak adierazi zuen "bere laborategiak aurrerantzean ez duela ikerketen emaitzarik argitaratuko inpaktu handieneko aldizkarietan, hala nola Nature , Cell edo Science izenekoetan, zientzia-prozesua distortsionatzen dutelakoan". Adierazpen horiek The Guardian egunkarian argitaratu zituzten 2013ko abenduan, Nobel saria eman ziotela jakin eta laster. Izan ere, Estatu Batuetako zientzialari entzutetsuaren esanean, aldizkari horietan argitaratzeak eragiten duen presioaren eraginez, zientzialariek laburtu egiten dute ikerketa serio eta gogoetatsu batek egin beharko lukeen bidea, eta modak eta joerak sortzen ditu ikerketan, zientzia-aurrerapenetik harago. "Kasu askotan, aldizkarietako arduradunek erabakitzen dute zer lan argitaratuko den, eta horiek, zientzialari ez direnez, gehiago erreparatzen diote komunikabideetako inpaktuari zientzia-aurrerapenari baino", justifikatu zuen Nobel saridunak.

Nire iritzian, pareko kideen bidezko berrikusketa garrantzitsua da, nahiz eta akatsak eta arazoak ere badituen. Berrikusketa egiten duenak anonimatuan jarduteak, nire ustez, arazoak ekartzen ditu abantailak baino gehiago, anonimatu horren atzean interes-gatazkak ezkuta bailitezke. Argudioetan oinarritutako kritika konstruktibo batek ez du zertan anonimo izan. Ez da zalantzan jarri behar azken 100 urteetan zientzia-aurrerapen nagusiak argitara emateko baliatu diren aldizkarien kalitatea Alabaina, kalitatea neurtzeko sistema, zeina oso estu lotua baitago inpaktu-indizearekin, berrikusi beharko litzateke, eta, inpaktuaz gain, beste irizpide batzuk ere kontuan hartu ikerketa balioztatzeko, batik bat ikertzeko ematen diren funtsak banatzeko orduan. Testuinguru horretan, funtsak ondo kudeatzeak garrantzi handiko balioa izan beharko luke, eta finantziazio txikia izanagatik emaitza onak --nahiz eta gutxi izan-- izateko eta ikertzaileak trebatzeko gai den ikerketa-talde bat neurri doian balioztatu beharko litzateke, eta ez bakarrik argitalpen-kopuruaren eta haien inpaktuaren arabera, zenbait kasutan gertatzen den bezala.

Bestetik, ikertzaileen curriculum vitae- a baloratzeko orduan, kontuan hartu beharko litzateke ikertzaileek non egin duten ikerketa; izan ere, ikertzeko gaitasuna ez da neurtu behar soilik aldizkarietako inpaktuaren bidez, ingurunea ere kontuan hartu behar da. Azpiegitura handiak dituen eta laguntza materiala eta teknikoa ematen duen ikerketa-zentro batean lan egiten duen ikertzaile batek produktiboagoa izan beharko luke ikerketan eta irakaskuntzan --adibidez-- diharduen edo ikerketak egiteko laguntza materialik edo pertsonalik ez duen ikertzaile batek baino.

Bizi honetako gainerako gauzekin gertatzen den bezala, dena ez da ez zuri ez beltz; xehetasunek ematen diote garrantzia gauzei. Horrenbestez, garrantzitsua da ikerketaren eta ikertzaileen kalitatearen neurri objektibo eta zenbakarriak lortzea, baina are garrantzitsuagoa da beste faktore batzuei erreparatzea, zeinek hobeto adieraziko baitigute ikerketaren eta ikertzaileen profila. Irizpide horiek oraindik ezarri gabe badaude, ezartzeko garaia izango da justuagoak izaten saiatzeko .

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila