Lau urtez behin gertatzen den moduan, Joko Olinpikoak iritsi dira, eta mundua, kirolaren mundua behintzat, ia gelditu egingo da. Kirolari, entrenatzaile, federazioetako zuzendari, politikari eta enpresa askoren ametsak eta/edo helburuak lortzeko unea iritsi da. Eta, une horrekin batera, ametsa arrakasta bihurtzea ala porrota izatea. Baina porrot horrekin ez doaz pikutara ametsak bakarrik: kirolari eta entrenatzaileei etorkizuneko ateak agian itxi egingo zaizkie, federazioetako zuzendariei ohorearen aldia desagertuko zaie, politikariei diruaren gastua justifikatzeko garaia iritsiko zaie, eta baliteke pertsona asko eta askok aberriaren handitasuna zalantzan jartzea.
Zergatik hasi horrela dopinaren aurkako borrokari eta Joko Olinpikoei buruzko artikulu bat? Gaur egun, kirol askotan, irudi nagusia Joko Olinpikoak dira, eta oro har ikusten dugun irudi hori oso bi polarra da: arrakasta ala porrota. Arrakasta, dominen kopurua kontuan hartuta. Agian diploma olinpikoak ere kontuan hartzen dira, baina hortik aurrera lortutako beste guztia jende gehienarentzat porrota da, kontuan eduki gabe zein zaila eta gogorra den Joko Olinpikoetara iristea. Eta hor hasten dira arazoak, edo gutxienez batzuek beren buruari egiten dioten galdera: gai naiz edozer egiteko arrakasta edukitzearren?
--> Pasaporte biologikoa indarrean egongo da Londresko Joko Olinpikoetan.
Gaur egun kalean inkesta bat egingo bagenu dopina zer den galdetzeko, proportzio handi batean, osasunaren kontrako substantzia edo metodo bat dela aterako litzake. Baina ez da hori oinarrietan dagoena. WADA-AMAren (Dopinaren Aurkako Nazioarteko Agentzia) Kodean hau azaltzen da dopinaren definizio gisa: " Doping is defined as the occurrence of one or more of the anti-doping rule violations set forth in Article 2.1 through Article 2.8 of the Code ". Hau da, araudi baten aurka jotzea. Baina 2.1etik 2.8rainoko artikuluetan ez da jasotzen osasuna babesten edo osasuna arriskuan jartzen duten substantzia eta/edo metodoak direnik, nahiz eta substantzia batzuk substantzia debekatuen zerrendan sartzeko arrazoietako bat osasunari kalte egiteko aukera izan. Eta honekin ez dut ukatu nahi badirela substantziak eta/edo metodoak osasuna, eta ondorioz bizitza, arriskuan jartzen dutenak, baizik eta osasuna ez dela arrazoi bakarra; agian arrazoi nagusia ere ez.
Orduan, zergatik da beharrezkoa dopinaren aurkako borroka? Edo ez al da beharrezkoa? Non dago garai bateko "espiritu olinpikoa"? Aurreko Joko Olinpikoetan ikusi dugun bezala, Londresko Jokoetan ere garrantzitsuena ikuskizuna da. Espiritu olinpikoa, gaztediaren eta gizartearen laguntasuna, borrokatzeko ahalmena, adiskidetasuna eta abar luze bat bigarren mailan gelditu dira. Garrantzitsuena kirol emaitzak dira, bai dominak, bai markak. Eta hori ez da Joko Olinpikoetan bakarrik gertatzen, kirol batzuetan eguneroko kontua baita. Baina kirol gehienetan Joko Olinpikoak dira lau urtetako pantaila nagusia, non beste lau urtetako dirua eta laguntzak jokoan jartzen diren. Eta orduan mahai gainean betiko galdera jartzen da: profesionalak badira, edo profesionalak bezala bizi badira, ez al dira libreak zer hartu jakiteko? Beste hitz batzuekin esan da, zergatik ez barra librea ?
Eta egia esan, ez da erantzuteko galdera erraza. Teknologiak kirol askotan asko lagundu du, baina, aldi berean, izugarrizko ezberdintasuna markatu du kirol-berdintasunean : dirua daukanak puntako teknologia lortzen du, eta ez daukana desabantailan gelditzen da. Hori baimentzen bada, zergatik ez medikamentuak edo substantziak "teknologia" bezala ikusi? Eguneroko galdera da hori kirol-medikuen eguneroko lanean. Eta lehen esan dudan bezala, ez pentsa erantzuten erraza denik, batez ere dopinaren aurkako planteamendua osasuna bakarrik bada. Dopinean erabiltzen diren substantzia guztiak, edo ia guztiak, medikamentuak dira. Gaixotasunak tratatzeko medikamentuak, lurralde bakoitzeko osasun-ministerioen baimen guztiak dituztenak. Orduan, benetan al dira substantzia kaltegarriak? Nola liteke medikuok biztanleei ematen dizkiogun medikamentuak kirolarientzat kaltegarriak izatea? Bestalde, goi-errendimenduko kirolariek edonork baino kontrol mediko gehiago izaten dituzte, "medikamentu" batek kalte egingo dien ala ez jakiteko. Gainera, goi-mailako kirolari asko langileak dira beren lanbidean, eta zergatik ez laguntzak eman beren osasuna eta errendimendua mantentzeko? Ez al zaizkie medikamentuak ematen langileei ahalik eta azkarrena lanera itzultzeko? Hori egitean, etorkizuneko osasuna hartzen al da benetan kontuan?
Puntu honetara iritsita, eta dopinaren aurkako borroka beharrezkoa den ala ez galdetzen denean, erantzunak beste bide batetik etorri behar du. Alde batetik, medikuak garenez, substantzia bat erabiltzean hiru hitz hartu beharko genituzke kontuan: erabilera, gehiegizko erabilera eta erabilera okerra. Nire iritziz, osasuna kontuan hartuta eta medikamentuen erabileraren arrazoiak ondo aztertuta, muga batzuk jartzea ezinbestekoa da, mundu hau ez dezan oihaneko legeak arautu.
Baina, beste alde batetik ezin da ahaztu, lehen aipatutako kirol-berdintasunaren barruan, araudiak behar direla nolabait guztion artean oreka bat mantentzeko. Bestela, teknologia aurreratuena, zentzu zabalean, lor dezakeenek aukera handiak dituzte, eta ez diete besteei inongo aukerarik uzten.
Hori guztia dela eta, dopinaren aurkako borroka ezinbestekoa da, baina beste ikuspuntu berri batetik baloratuta. Onar dezagun dopina tranpa bat besterik ez dela, eta araudiak hausten direnean zigorrak daudela. Arazoa sortzen da araudiak noiz hausten diren kontrolatzeko neurriak mahai gainean jartzen direnean. Ez daukat batere garbi edozein bide baliagarria den kontrola gauzatzeko. Kirolaria beti susmopean izatea, hasieratik errudun izatea, ez dakit kirol garbi baten benetako irudia den.