2018/09/04
331. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Burujabetza teknologikoa
Burujabetza teknologikoa izan da aurtengo Informatikari Euskaldunen Bilkuraren gaia. Edurne Larraza Mendiluze UEUko Informatika saileko arduradunak eta Olatz Arbelaitz Gallego sail bereko kideak bilkuran landutako auzi nagusiak laburtu dituzte, bakoitzak bere ikuspuntutik. Ondorio batzuk ere atera dituzte.
Sare neutral bat litzateke irtenbidea
Edurne Larraza Mendiluze
UEUko Informatika saileko arduraduna eta EHUko irakasle eta ikertzailea
Via campesinaren elikadura-burujabetzaren definizioa moldatuz, herri edo komunitate bat teknologikoki burujabe bada, “badu nagusitasuna merkataritza-auzien gainetik teknologia eta teknologien ekoizpena kontrolatzeko”. Baina zein da horretarako bidea?
Maiatzaren 17an, UEUko Informatika sailak antolatu ohi duen Informatikari Euskaldunen XI. Bilkuran, egun betez aritu ginen gaiaren inguruan. Domeinu propioa edukitzea garrantzitsua den arren, burujabetza teknologikoa askoz haratago doa, eta, horregatik, mintzagai izan genituen azpiegitura teknologikoak eta komunikazio-burujabetza, hezkuntza teknologikoa eta teknologia hezkuntzan, segurtasuna eta pribatutasuna, eta herri eta herritar burujabeagoak izateko ezinbestekoa den softwarea. Lau arlo dira, eta egunean zehar ikusi genuen moduan, lotura ugari dituzte. Besteak beste, guztietan dute berebiziko garrantzia komunitate, libre eta publiko gisako kontzeptuek.
Azpiegiturei dagokienez, adibidez, ustiapen pribatua nagusi den garai honetan, negozioaren planotik eskubideen planora pasatu eta sare-azpiegiturak XXI. mendeko eskubide unibertsal izan daitezen, ezin da operadoreen esku utzi azpiegiturak kudeatzeko eta sortzeko ardura. Irtenbidea litzateke zenbait eragileren artean sare neutral bakarra sortzea, gerora operadoreek zerbitzua emateko erabiliko dutena. Eredu eta azpiegitura komunitarioen adibide da Izarkom, Kataluniako guifinet proiektuan oinarritutako eredua lantzen duena: tokian tokiko eragileek sare propioa egin eta beste sareekin interkonektatzea, hain zuzen ere. Horrelako proiektuak irakasgai interesgarri izan daitezke burujabetzarako bidean politika propioak garatzeko, haiek ahalbidetuko baitute bereizketarik ez egotea hiri eta landa-inguruneetako biztanleen artean.
Denok daukagu zer egina
Olatz Arbelaitz Gallego
UEUko informatika saileko kidea eta EHUko irakasle eta ikertzailea
Ikasten dugunaren isla izango gara, eta, beraz, burujabetza teknologikorako bidean ezinbestekoa izango da hezkuntzatik hastea: azpiegituren erabilera jasangarria sustatzea, posta elektronikorako eta sarean informazioa gordetzeko; google uztea ahalbidetuko diguten azpiegitura publikoak eta software lokalizatua erabiltzea, eta segurtasun eta pribatutasunaz gogoeta egitea. Software librea eta tresnen hizkuntza-aukera jakinak erabiltzera derrigortuz eragin dezakete instituzioek, baina ardura banatua dago, denok daukagu zer egina.
Segurtasunaren alorrean, alderdi filosofikoak ere kontuan hartu beharko lirateke. Adibidez, gaur egun garatzen ari diren IoT eta hiri edo gailu adimendunetan sortuko diren segurtasun-arazoez hausnartu beharko genuke. Izan ere, azpiegitura kritikoei eginiko erasoek zuzen-zuzenean eragiten diote gizartearen ongizateari; burujabetzaren aurkako erasoak dira. Norbanakoek sen ona erabili beharko dugu: pasahitz egokiak jarri, jasotzen dugun informazioarekin kritiko izan eta gure datuak babestu beharko ditugu, nortasun digitala lapurtzen badigute kalte handia egin diezagukete eta. Azpiegituren kasuan, berriz, jabeak bermatu beharko luke segurtasuna, zeina funtsezkoa izango baita pribatutasunarekin batera.
Azkenik, informatikak datuak prozesatzen ditu, oro har, eta hain lagungarri zaizkigun Hizkuntza Teknologiek, adibidez, garatzeko datu irekiak edo publikoak behar dituzte, guk maiz enpresa erraldoien esku jartzen ditugunak. Gobernuak ere irekia behar luke izan, gardentasuna, parte-hartzea eta elkarlana izanik ardatz eta garrantzitsu eginez zuzenean parte hartzeko sistema digitalak. Burujabetzak datu libreak (datu-burujabetza) behar ditu, azpiegitura eta software libreaz gain, eta garrantzitsua da horiek euskaraz izatea eta erabiltzea. Ea hurrengo IEBrako euskarazko software librearen gune bat martxan egotea lortzen dugun!
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.