Bihotz indigenako emakume batek hala galdetu zidan behin: Ekonomialariek zergatik jotzen duzue nire herria garatugabetzat, gure erkidegoan egunero bizitzak oparitzen diguna partekatzen badugu eta inork, ez haur, ez adineko, babesgabetasuna eta arimaren bakardadea ezagutzen ez badu? Eta, horri buruz gogoeta egitean, ohartu nintzen Barne Produktu Gordinaz (BPG) eta gizarte-kohesioaz hitz egin behar niola.
BPGa moneta-adierazle bat da, eta merkatuan negoziatzen den egiteko guztia islatzen du. Zenbat eta segurtasun txikiagoa izan gizarte garatu batek, orduan eta gehiago gastatzen du defentsan eta barne-babesean, eta horrek igoarazi egiten du BPGa; edo, zenbat eta gaixoagoa izan, orduan eta elementu farmakologiko gehiago kontsumitzen ditu, eta horrek ere igoarazi egiten du BPGa. Bizi-kalitateak, zorionak eta BPGak ez dute zertan norabide bera izan, eta errealitateak erakusten digu gutxitan izaten dutela norabide bera.
1968an, R. Kennedyk adierazi zuen BPGa suntsitze-maila neurtzeko erabil daitekeela: "Gure BPGak, zenbatespenak egitean, kontuan hartzen ditu poluzioa eragiten duten ekoizpenak, baina ez atmosfera-poluzioa; barnean hartzen ditu tabakoari buruzko publizitatea eta gure errepideetako zaurituen bila joaten diren anbulantziak (baina ez errepideen segurtasuna). Gure etxeak babesteko jartzen ditugun segurtasun-sistemen kostuak eta gure etxeetara ustekabean sartzen direnak giltzapetzeko espetxeak erregistratzen ditu. Berekin dakar basoak suntsitzea eta haien ordez urbanizazio kaotikoak egitea. Barnean hartzen du arma nuklearren ekoizpena eta gizarte-atsekabez egindako manifestazioak erreprimitzeko poliziak erabiltzen dituen ibilgailu blindatuen ekoizpena (...)".
Hala, kontuan izan behar da Euskal Herrian bizi-kalitatea etengabe narriatzea eragiten ari diren askotariko faktoreak daudela, nahiz eta BPGaren maila, bizi-itxaropenarena edo hezkuntza-maila altuak izan (horiek dira Giza Garapenaren Indizearen gaur egungo neurgailuak).
Garapenaren ikusmolde berri batek gogor egin behar die aurre hazkunde ekonomikoko gaur egungo ereduei eta horrek berekin dakartzan ondorioei, nola ingurumen-inpaktuei (ekosistemak narriatzea, baliabideak agortzea...) hala inpaktu sozialei (langabezia, bazterkeria, dualitatea, gerrak...). Horretarako, ezinbestekoa da "gaur eguneko garapen-prozesuak eta, batez ere, orain arte izan den ekonomia-ikusmoldea aldatzea lortzea eta nazioartean esku hartzeko jarraibide berriak eta garapen-eredu berri bat ezartzea, eta, hala, iparraldearen eta hegoaldearen arteko desberdintasunak gaindituz, ekologiaren ikuspegitik bideragarria eta sozialki bidezkoa den mundu bat lortu ahal izatea" (Ríoko Batzarra-1991).
"Giza garapena" kontzeptuak, neurri batean, horri erantzuten dio; izan ere, garapen-maila neurtzeko metodo berri bat hartzen du barnean, eta gaitasunak --osasun-egoera eta ezagutza hobeak, besteak beste-- garatzeari ematen dio garrantzia, baina alde batera uzten ditu funtsezko zenbait adierazle, hala nola aberastasunaren edo lana eskuratzeko aukeraren banaketa, lanaren kalitatea, ingurumen-kalitatea, kultura-integrazioa, eta etxebizitza-beharrak, behar psikikoak eta afektibitate-beharrak asebetetzea.
Baina giza garapena ez litzateke hor bukatuko: badira beste aukera batzuk ere, askatasun politiko, ekonomiko eta sozialetik hasi, eta giza eskubideen bermea izanik sortzailea eta emankorra izateko aukeraraino. Euskal Herrian giza garapenerako aukera emateak egiazko demokrazian sakontzea ekarriko luke, eta, handik abiatuta, erabilgarri dauden giza baliabideak eta baliabide naturalak arrazoiz eta modu harmonikoan erabiltzeari lehentasuna ematen dion eredu ekonomiko bat bilatzea eta gauzatzea, kide guztien banakako eta taldeko beharrak asetzeko, etorkizuneko belaunaldiek beren beharrizanak asetzeko izango duten gaitasuna arriskuan jarri gabe.
Krisia ez da krisi ekonomikoa soilik; horrez gain, krisi ekologikoa, elikadura-burujabetzarena, osasunari dagokiona, genero-harremanei dagokiena eta balioena ere bada. Kapitalismoak garatutako zibilizazioaren paradigmaren krisia da; azken batean, kapitalismoak oinarri duen eredu ideologikoaren krisia.
Krisian dauden balio horien eraginez, Euskal Herria gizarte prekarioa da eta legearen zamapean dago. Herritar gehienek (etorkinak, emakumeak, gazteak eta adineko pertsonak) dituzten bizi-baldintzak okertzea sektore publikoaren esku-hartzeak ekarri du, lan-merkatua eta gizarte-babesa araugabetzen eta babesik gabe uzten dituzten legeen bidez. Baina errealitate hori ezkutuan geratzen da garaipen-ukituak dituzten batezbesteko estatistikoetan, non ez baitira aipatzen muturrak eta desberdintasunak.
Gizarte bat benetan jasangarria izan dadin, ezinbestekoa da jasangarria izatea maila fisikoan (baliabideak modu jasangarrian erabiltzea) eta maila sozialean (gizarte- eta lurralde-desberdintasunak gainditzen dituena). Ezin da jasangarritasunik izan berdintasunik ezean.
Benetan jasangarria den gizarte batek garapenari ematen dio lehentasuna hazkundeari eman ordez; kualitatiboari (bizi-kalitatea), kuantitatiboari eman ordez (bizi-maila); eta elkartasunari, lehiakortasunari eman ordez. Komunitate guztiaren nahikotasunera, justiziara eta berdintasunera hedatzen den demokrazia ekonomikoa izan daiteke, beharbada, baliorik handi eta osoena, eta balio hori ez du BPGak neurtzen, ez eta haren zuzentzaileak --gaur eguneko Giza Garapenaren Indizeak-- ere.