Antibiotikoekiko erresistentzia Osasun Bakarraren ikuspegitik

Lopez Goñi, Ignacio

Nafarroako Unibertsitateko irakaslea eta mikrobiologiako katedraduna eta Salud Global (Osasun Bakarra) liburuaren egileetako bat

antibiotikoekiko-erresistentzia-osasun-bakarraren

Antibiotikoekiko erresistentzia giza osasunari eta animalien osasunari eragiten dien arazo global bat da, eta ingurumenean antibiotikoak egotearekin du zerikusia. Elkarrekiko lotura hori da Osasun Bakarra edo Osasun Globala (One Health). 

Albaitaritzan, antibiotikoak ezinbestekoak dira gaixotasun infekziosoak tratatzeko, bai ekoizpen-­animalietan (ganadua, etxeko hegaztiak, txerri-­azienda…), bai etxeko animalietan. Kasu batzuetan, antibiotikoak prebentzio-neurri gisa erabiltzen dira; batez ere, animalien hazkuntza intentsiboan, infekzio-agerraldiak saihesten eta patogenoen ugalketa murrizten laguntzeko. Europan debekatuta dagoen arren, herrialde batzuetan ohikoa da animaliei antibiotiko-­dosi baxuak denbora luzez ematea, haien hazkundea bultzatzeko eta elikagai-­efizientzia hobetzeko. Horregatik guztiagatik, albaitaritzan antibiotikoak modu indiskriminatu eta gehiegizkoan erabiltzeak erresistentziak garatzea dakar. Beraz, ezinbestekoa da albaitaritzan arduraz erabiltzea antibiotikoak: medikamentu egokia aukeratu behar da, eta dosi egokia eta tratamenduaren iraupena zehaztu behar dira. Gainera, giza medikuntzan eta albaitaritzan antibiotiko berdinak edo antzekoak erabiltzen direnez, animalietan garatutako antibiotikoekiko erresistentzia gizakiengana igaro daiteke, eta alderantziz. Hortaz, berebiziko garrantzia dauka osoko ikuspegia erabiltzeak, arazoa bere osotasunean lantzeko.

Bestalde, gutxitan hartzen da kontuan farmako baten “bizitza” ez dela amaitzen pazientearen gorputzetik kanporatzen denean. Animalia-­ekoizpenetik, eskrezioetatik eta gizakien eta animalien hondakinetatik eratorritako antibiotiko-hondarrak lurzoruan eta uretan metatzen dira, eta kutsatu egiten dituzte. Adibidez, hondakin-urak tratatzeko instalazioetako efluenteek antibiotiko-kontzentrazio esanguratsuak izaten dituzte; eta simaurretako antibiotiko-hondarrek zoruak kutsatzen dituzte, eta soroak ureztatzeko eta ongarritzeko erabiltzen diren akuiferoetan amaitzen dute. Ingurune naturaletan antibiotikoak izateak ingurune egokia sortzen du bakterio erresistenteak garatu eta ugaltzeko. Bakterioak gai dira beren erresistentzia-geneak beste bakterio batzuei transferitzeko. Hala, bakterio erresistenteak ugaldu eta ingurunean zabaldu ahala, erresistentzia areagotu egiten da.

Animalia-jatorriko eta giza jatorriko bakterioen arteko gene-barreiadura kezkagarria da osasun publikoaren ikuspegitik. Alderdi hori lantzeko, araudi eta jarduketa zorrotzagoak egin behar dira hondakinen kudeaketan, eta arazoak jatorritik aztertuko dituen ikuspegi integral bat landu behar da. Estrategia horretan, funtsezko alderdia da gizakien, animalien eta ingurumenaren antibiotikoekiko erresistentzia batera zaintzea eta monitorizatzea. Diziplinarteko ikerketa kolaboratiboa ezinbestekoa da antibiotikoekiko erresistentzia kontuan hartuko duten medikamentu eta teknologia berriak garatzeko. Terapia alternatiboak bilatzea eta bultzatzea ere eraginkorra izan daiteke gizakietan nahiz animalietan. Giza medikuntzako eta albaitaritzako politika eta prestakuntza-programa bateratuak egin behar dira. Funtsean, antibiotikoekiko erresistentziaren arazoa konpontzeko, modu koordinatuan eta lankidetzan aritu behar dute giza osasungintzako, albaitaritzako eta ingurumeneko profesionalek. Osasun Bakarraren estrategia da antibiotikoekiko erresistentziaren mehatxuaren aurka egiteko modurik onena.

-> Antibiotikoen erabilera eta ondorioak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila