Adimen artifizialaren erabilerak aukera oso baliotsuak ematen ditu hainbat arlotan. Adibidez, hezkuntzan, aukera eman dezake material pertsonalizatuak sortzeko.
Osasunean, berriz, irudi bidezko diagnostikoa eta prebentziozko arreta hobetzen ditu; hala, lagundu dezake minbizia etapa goiztiarretan detektatzen. Halaber, minik, konpresiorik eta erradiaziorik gabeko mamografiak egiteko erabiltzen ari da. Eta, dermatologian, ikusi da AAko sistemek gaitasun handiagoa dutela medikuek baino melanoma detektatzeko.
Naturaren zaintzan, basabizitzaren kontserbazioa iraultzen ari da AA, monitorizazioa, espezieen identifikazioa, habitaten azterketa eta klima-aldaketaren eraginaren aurreikuspena hobetzen baititu.
Alderdi sozialean ere eragin nabarmena izaten ari da. Esaterako, erabilera pertsonalerako AA duten gailu txikiek (TinyML) etorkizun handia izango dute. Adibidez, testua audio bihurtzen duen Lupa Adimendunak.
Azken adibide bat aipatzearren, laneko produktibitatea hobetzeko ere balio dezake. AA lan-bileretara joan daiteke gure ordez, eta han esandakoa transkribatu eta laburbildu dezake. Dokumentazioa antolatu eta bidal dezake, eta zeregin errepikakorrak egin, sormenerako denbora utzita. Emango al liguke aukera lau eguneko lan-asteak izateko?
Txanponaren beste aldean, ordea, zalantzak eta erronkak ere eragiten ditu. Hasteko, ingurumen-inpaktua dago. Izan ere, AAren modeloak entrenatzeko eta erabiltzeko, AA sortzailearenak bereziki, energia, ur eta baliabide konputazional asko behar da. Bestalde, AA erabiltzen ari dira fusio nuklearraren prozesua kontrolatzeko eta egonkortzeko, eta, hala, iturri garbia eta ia mugagabea lortzeko.
Beste kezka bat enplegu-galera da: AArekin zeregin errepikakorrak automatizatzeak enpleguak galtzea eragin dezake, baina, era berean, rol berriak sortuko lituzke, trebetasun berriekin. Funtsezkoa da trantsizio horretarako prestatzea.
Datuen segurtasuna ere erronka handia da. Horri erantzuteko sortu da Gaia proiektua, Europarako datu-azpiegitura federatu bat sortzeko asmoz.
Aipatzekoa da ikuspegi feministatik ere erronka handiak sortzen dituela AAk. Hain zuzen, AAren garapenean herrialde aberatsetako gizon zuriak nagusi izateak eragin dezake emaitzetan eta aplikazioetan genero-desberdintasunak eta beste joera batzuek irautea. Gainera, emakumeek, lan errepikakor gehiago egiten dituztenez, probabilitate handiagoa dute enplegua aldatu beharra izateko.
Horri lotuta, alborapen sozialak daude: modeloak trebatzeko erabiltzen diren datuek gizartearen jarrerak eta aurreiritziak islatzen dituzte; beraz, saihetsezina da modeloek iruzkin arrazistak, sexistak eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkakoak errepikatzea. Teknika aurreratuak aplikatzen ari dira arazo horiek arintzeko (Fine-Tuning, giza ikuskapena).
Ildo beretik, gerta liteke hizkuntza eta kultura gutxituak baztertzea; horien artean, euskara. Latxa ereduak eta itzultzaile neuronalak euskara bultzatu nahi dute.
Azkenik, gardentasunari buruzko kezka dago: XAI, “explainable artificial intelligence”, AA sistemen “kutxa beltza” irekitzeko diseinatutako teknika- eta tresna-multzo bat da. “Kutxa beltz” hori irekitzean, hobeto uler dezakegu AAk erabaki batzuk nola eta zergatik hartzen dituen.
Hori guztia kontuan izanda, eta informatika-ingeniaria naizen aldetik, ikusten dut AAk zer eragin positibo izan ditzakeen.
Herritarrak prestatzea eta informatzea funtsezkoa da, inor atzean utzi barik, teknologia hori nola garatu eta arautu behar den erabakitzeko.
AA gure bizi-kalitatea hobetzen duen teknologia gisa erabili behar da, eta, horretarako, planetako gizakiak eta izaki bizidunak erdigunean jarri behar ditugu.
Bukatzeko, robotak eta txatbotak aurreratu eta emozio eta elkarrizketa esanguratsuak simulatzeko gai bihurtzen diren heinean, galdera hau sortzen da: lotura emozional sakonak sortuko al ditugu sentimendu errealik ez duten sistemekin? Nik baietz uste dut.
Elhuyarrek garatutako teknologia