Udako Euskal Unibertsitateko Informatika Sailak antolatuta, azaroaren 22an Informatikari Euskaldunen I. Topaketak burutu ziren Donostiako Miramar Jauregian.
Euskarazko software publikoa (merkatuan zabaltzen dena) zein zabalpen mugatuko softwarea (erakunde baten barruan zabaltzen dena) ekoizten dutenen bilgune izan ziren topaketak. Bertan euskal softwaregintzaren munduan garrantzitsu diren hainbat gai landu eta jorratu ziren. Hasiera batean 50 pertsona inguru espero bagenuen ere, 135 izan ziren bertara hurbildutakoak. Erantzun zabala izan genuen: irakaskuntza ertaina eta unibertsitatekoa, enpresa-mundua, administrazioa, argitaletxeak, itzultzaileak...
Bakoitzak bere ikuspegia eman zuen. Esaterako, euskarazko Windows 95 eta Word 6.0 garai berri baten hasiera bezala definitzen zuen ertaineko irakasle batek; erabiltzaile partikular baten ikuspuntutik, ordea, ingelesezko produktuak erakargarriagoak ziren: ulergarriagoak eta bertsio aurreratuagoak beti eskura. Euskal komunitatean nabaritzen diren software-gabezi eta beharrak, esperientziak... aztertu ziren buruturiko zortzi hitzaldi eta amaierako mahainguruan. Azkeneko honetan mahaingurukoez gain entzuleek ere beren aportazioa eman zuten.
Han gauza interesgarri asko aipatu ziren: nola da posible Eusko Jaurlaritzak Windows 95 eta Word 6.0 euskaratzeko hainbeste milioi gastatu ondoren, eskoletara ordenadore berriak banatzean erdarazko bertsioa bakarrik bidaltzea? (D eredukoak barne); nola da posible informatika saltzaile eta banatzaile askoren ezjakintasuna, edo zabarkeria, euskarazko produktuei dagokienez? (“¿Qué pide? - Pero si en euskara no hay nada”); nola gerta liteke euskaldunok, geuk, erdarazko bertsioak eskatzea gure lantokietan? (“Euskaraz zailago omen da eta”)...
Euskarazko produktuen zabalkuntza bideratu behar da, erabilpenaren ohiturak ere sortu behar dira eta martxan jarri behar dugu euskarazko softwarearen merkatua. Topaketetan erakusketa ere izan genuen: 30 produktu inguru ikusgai izan genituen; hauetaz gain zenbait produkturen informazioa ere topaketetan banatutako katalogoan eskura dago. Aretoa txiki geratu zitzaigun, hortaz, hurrengo baterako... Hori bai, inkesten emaitzek diotenez, errepikatu egin beharko lirateke topaketak.
Dena den, enpresa eta administrazioko jende gehiagoren presentzia eskatu zen hurrengo baterako. Bukatzeko, nabarmenki atera zen hainbat ondorio eta behar azpimarratu nahi nuke: euskaraz erabiltzen diren aplikazioak mantentzea, bulegoko tresna-multzo estandar bihurtzen ari den MS Office paketea (datu-basea, kalkulu-orria eta testu-prozesadorea) euskaratzea eta euskara bera landuko duten programak garatzea. Azkenik, estrategikoki hau guztia bideratzeko euskal softwaregintza bultzatuko lukeen elkarte baten beharra aipatu zen. Hemendik aurrera hau guztia bideratzeko topaketetan parte hartu duten guztien "e-mail" zerrenda antolatuko du UEUko Informatika sailak.