Zulo beltzen kartografia

zulo-beltzen-kartografia
Zulo beltzen inguruko diskoaren eta gaineko koroaren irudikapen artistikoa. Bi elementuen eboluzioa aztertzeak zulo beltzen kartografia zehatzagoa egiteko aukera eman die zientzialariei. Arg. NASA/JPL-Caltech

Zulo beltzen inguruko datu esanguratsuak plazaratu dituzte Nature eta Science aldizkarietan argitaratutako bi ikerketak. Batetik, zulo beltz txiki baten ingurua kartografiatu dute astronomoek, nolakoa den argitzeko; eta, bestetik, zulo beltzen biraketa-abiadura kalkulatzeko modua aurkitu dute.

Zulo beltzaren ingurua kartografiatzeko, Nazioarteko Espazio Estazioko NICER X izpien teleskopioa erabili dute. 2018ko martxoan, J1820 izeneko zulo beltz txikia detektatu zuten lehenengo aldiz, ondotik pasatako izar baten materia irensten ari zenean. Egun gutxian, guztiz ezezaguna izatetik, zeruko X izpien iturririk distiratsuena izatera pasa zen zulo beltza. Irenste horretan, X izpien leherketa detektatu zuten, baina X izpien uhin haien oihartzuna ere hauteman zuten, eta zulo beltzaren inguruko gas-zurrunbiloa islatzen zutela konturatu ziren.

Nature aldizkariaren azala eman diote ikerketari. Arg. Aurore Simonnet & Nature.

Izan ere, zulo beltzek irentsitako materia hori guztia dela eta, inguruan gasez eta hautsez osatutako disko moduko bat sortzen da. Abiadura izugarrian mugitzen ari direnez, diskoko atomoak deskonposatzen joaten dira. Hala, protoiak eta neutroiak disko horretan geratzen dira, eta elektroiek hodei moduko bat sortzen dute zulo beltzaren gainean, koroa izenez ezagutzen dena. Orain arte ez zegoen argi nola eboluzionatzen zuten zulo beltz txikien gaineko koroak eta inguruko diskoak, baina  X izpien oihartzunak ikertuta, Maryland-eko Unibertsitateak (AEB) gidatutako ikerketa berri honek frogatu du koroa dela prozesuan zehar uzkurtzen joaten dena, ez diskoa, bestelakoa uste bazen ere.

Orain arte, zulo beltz supermasiboetan bakarrik hauteman ziren halako argi-oihartzunak, baina oso aldaketa motelak izaten dituzte halako zulo beltz erraldoiek. Zulo beltz txiki honek, ordea, askoz ere masa txikiago du eta azkarrago eboluzionatzen du. Hortaz, aldaketak giza denboraren eskalan ikusi ahal izan dituzte.

 

Bestetik, Science aldizkarian argitaratutako ikerketak zulo beltzak nola elikatzen diren argitzeko balio izan du. 2014an hainbat teleskopiok urrutiko galaxia batetik iritsitako X izpien seinale indartsuak jaso zituzten, 131 segundoro errepikatzen zirenak. Galaxia hartako erdiguneko zulo beltz supermasiboaren seinalea zen, gertuegi pasatako izar bat erakarri eta irensten ari zenean sortutakoa.

Egileen arabera, halako gertaeretan igorritako seinaleek aukera ematen dute neurtzeko hain zuzen zulo beltzak definitzeko erabiltzen diren ezaugarriak: masa eta biraketa. Orain arte, zulo beltz baten masa bere galaxiaren ezaugarrietatik ondorioztatu zitekeela uste zuten zientzialariek, baina zaila zela biraketaz ezer zehaztea. Lan honen egileek, ordea, uste dute posible dela jasotako seinaleetatik informazio hori ere ondorioztatzea, eta iradoki dute zulo beltz honen biraketa-abiadura gutxi gorabehera 150.000 km/s-koa izan daitekeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila