Frantziako lehen ministroak telebistan egindako adierazpenen arabera, Mururoan egiten ari diren saio nuklearren helburua zientzi datuak pilatzea baino ez da. Hark zioenez gainera, zientzi jakinmina asetzean amaituko dira entseiuak.
Argudio horren azpian zientzilari gehienentzat zuzena den baieztapena egon daiteke, hots, “zientzian egiten diren garapen teorikoek saiakuntza praktikoak behar dituzte eta horien ondorioz, teoriak baieztatzea ezezik, teori aldaketak edota espero ez diren emaitzak ere gerta daitezke”.
Ni ere iritzi horretakoa naiz, hau da, zientzia teorikoak eta praktikoak ahalik eta paraleloen egon behar dutelakoan nago. Baina Mururoan gertatzen ari dena, zientzi saiakuntza hutsa al da?
Gaur egun mendebaldeko gizartean dugun aurrerakada asko eta asko zientziaren garapenari esker lortu da. Batzuetan zientzi proiektuak gizakiaren beharren eraginez sustatu dira, baina gehienetan bestelakoa izan da arrazoi eragilea; hitz gutxitan esanda, estatuen defentsa-sistemen hobekuntza izan da ikerketa-bultzagilea. Gerren eta armamentuen inguruan egin dira aurrerakada teknologiko garrantzitsuenak. Baina kontraesana badirudi ere, etsaiak suntsitzea, kontrolatzea edo menderatzea helburutzat izan duen zientzia horretatik gizakiaren bizi-baldintzak erosoagoak izateko produktuak eta sistemak ere askotan aprobetxatu izan dira.
Mururoako saiakuntza nuklearrak arestian aipatu testuinguruan kokatu behar dira. Frantziako gobernuarentzat saiakuntza horietan arriskuan jartzen dena oso txikia da lor daitekeen onuraren ondoan. Frantziak teknologia nuklearra hobeto ezagutuko du eta gainera, munduko gainerako estatuek Frantziaren defentsarako zein erasorako ahalmena ezagutuko dute. Esan gabe doa ezagutza horrek ondorioak ekarriko dituela nazioarteko harreman politiko eta ekonomikoetan. Lorpen horiek munduko leku galdu batean dagoen kilometro karratu batzuetako eremu bat izorratzearekin konparatzea barregarria da Frantziako gobernuarentzat eta Europako gainerakoentzat ere, ez baitugu ahaztu behar egungo politika orokorrean Europak gero eta baterago funtzionatzen duela.
Saiakuntza nuklearretan industria nuklearrak duen heriotz ahalmena argi eta garbi geratzen da eta hori askorentzat nahikoa arrazoia da industria horren desagerpena aldarrikatzeko. Ni ere, gauden baldintzetan gaudelarik, iritzi horretakoa naiz eta ez dut zientziaren izenean heriotza dakarten proiektuak garatzea nahi.
Hala ere, gizakia helburu izango lukeen zientzi giro hipotetikoan industria nuklearrak onura asko ekarriko lioke gizakiari arlo desberdinetan, hala nola, gaixotasunen tratamenduan, energi aurrerapenean, materialgintzan, espazioko ikerketetan eta abarretan.
Gaur egun, gizakia zientziaren helburua izango dela pentsatzea ametsa baino ez da; izan ere, zientziaren norantza heriotzatik gizakira aldatzea ezinezkoa dela batek baino gehiagok esango du. Langintza horren zailtasunaz jabetzen naiz, baina gizakiarengan sinesten dugunok ezin dugu inolaz ere ezintasuna onartu.
Adibideak beti adibide gisa hartu behar dira, baina ba al zenekiten gaur egun munduko pertsonen arteko komunikazio-bide jatorra eskaintzen duen INTERNET ospetsua EEBBetako militarren komunikazio-tresna bezala jaio zela?