Zer dira Polimeroak?

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Polimeroak molekula txikien elkarketaz osatutako egitura molekular erraldoiak dira. Adreiluak lotuta pareta bat eraikitzen den moduan, polimeroak sintetizatzeko "monomero" izeneko molekula txikiak erabiltzen dira. Makroegitura hauen artean (makromolekulak) bizitzarako ezinbestekoak diren molekula asko dago, proteinak, azido nukleikoak eta abar. Adibidez, odolean oxigenoa garraiatzen duen hemoglobina, informazio genetikoa gordetzen duen ADN ospetsua edo ohiko papera osatzen duen zelulosa makromolekula naturalak dira.

Gizakiok ere ikasi dugu makromolekula berriak osatzen. Zenbait landare tropikaletatik kautxu naturala erauzten zen. Hemeretzigarren mendean aurkitu zen bertatik isopreno izeneko molekula isola zitekeela. Gainera, isoprenotik abiatuta beste kautxu-itxurako substantzia batzuk lortzen ziren. Garai berean eraldatzen ikasi zen beste polimeroa zelulosa nitratoa izan zen. Ondorioz, lortutako material berriari "zeluloide" izena jarri zitzaion.

Baina polimero sintetikoen atea zabaldu zuen lehenengoa Leo Hendrick Baekeland (1863-1944) belgikarra izan zen. 1906. urtean Baekelandek fenola eta formaldehidoa erreakzionatuarazi zituen eta erretxina sortu zen. Lortutako erretxina hori berotuta plastiko bihurtu eta molde baten barruan isuriz gero edozein itxuratako objektua egin zitekeen. Erretxina horri "bakelita" deitu zitzaion.

Bakelita teknologiaren arlo guztietan txertatu zen eta "Plastiko Aroari" eman zion hasiera. Konposatu hauen sintesiari buruzko ikerketa oso azkar zabaldu zen. Hain zuzen ere, mende honetako gertakizun aipagarrienetako bat Kimikaren munduan polimero artifizialen sintesiaren garapena izan da.

Hermann Staudinger izan zen lehenengoa polimeroen egitura kate eta sare molekularretan oinarrituta dagoela proposatzen. Ondorengo esperimentuek proposamen hori baieztatu zuten. 1953. urtean Nobel Saria jaso zuen Staudinger-ek polimeroekin egindako lanarengatik. Monomeroak bata bestearen atzetik lotuz gero, kate molekularrak eraiki daitezke. Bestalde, monomero bereziak erabilita kate adarkatuak edo hiru dimentsioko sareak ere osa daitezke. Horrela, luzeraren eta konposizioaren arabera propietate ezberdinetako konposatuak sor daitezke. Molekula horien jokabide kimiko eta fisikoa beste motako substantziena ez bezalakoa da. Beraz, zientziaren arlo berria finkatu dute maila guztietan.

Eguneroko bizitzan arruntak diren gauza gehienak dira polimeroak. Plastiko izenaz ezagutzen ditugunak, erretxinak, latexak, pinturak, kolak, bernizak, oihalak, zartaginak egiteko erabiltzen den tefloia edota polemika sortu duen PVCa dira, besteak beste, gaur egun ezinbestekoak suertatzen zaizkigun polimeroak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila