Aurrekoan, artikulu harrigarri bezain gozagarri bat irakurri nuen itzalaren pisuari buruz. Ordura arte, ez nuen pentsatu ere egin itzalek pisua izan zezaketenik. Celia González Sánchez eta Javier Rodríguez Laguna fisikariei esker jakin dut argiak, gorputz batean jotzen duenean, erradiazio-presioa eragiten duela gorputz horretan. Gorputz horrek argiari azal batera iristea eragozten badio, hau da, itzala ematen badu, azal horrek presio txikiagoa jasotzen du. Arinagoa da.
Xehetasun gehiago ezagutu nahi izanez gero, artikulua irakurtzeko gomendatzen dizuet. “Zenbat pisatzen du nire itzalak?” da haren izenburua, eta The Conversation plataforman argitaratu dute, Espainiako edizioan.
Hitz batzuek ere itzal luzea dute, baina astunagoak edo arinagoak izan daitezke, erabileraren arabera. COVID-19aren sasoi honetan, itzal handiko hitz batzuk guztiz mehetu dira, esanahiz hustuta. Horien artean daude genozidio, apartheid eta bortxaketa. Batzuek hainbeste desitxuratu dute jatorrizko esanahia, ezen hitz horien benetako itzala eta zama ezagutu duten asko irainduta eta minduta sentitu baitira.
Endemia hitzak, termino zientifikoa izanik, ez dirudi hain manipulagarria denik. Gaixotasun infekzioso bat leku jakin batean errotuta dagoela adierazteko erabiltzen da. Ez du gaitzaren larritasunaren berri ematen. Esaterako, sasoiko burutik beherakoak, malaria eta ebola, hirurak dira endemikoak, nahiz eta elkarren artean ez duten antzik, ez agertzen diren leku eta sasoian, ez kutsatzeko gaitasunean, ez hilgarritasunean.
Azkenaldian, SARS-CoV-2a mundu osoan hedatuta jarraitzen duen arren, gure inguruan, agintari batzuen diskurtsoetan eta komunikabide askotan, zabaltzen ari da pandemia-fasetik endemiara igarotzen ari garela. Danimarkak dagoeneko adierazi du pandemia amaitu dela herrialde hartan, eta bertan behera utzi dituzte COVID-19ari aurre egiteko murrizketa guztiak.
Zenbait adituk, ordea, pandemia hitza endemia edo gripalizazio terminoekin itzalpean uztearen arriskuaz ohartarazi dute. Izan ere, pandemia ez da hitz soila; pisu handia du, hari lotuta baitaude hainbat estrategia, hitzarmen eta konpromiso, nazioartekoak zein lekuan lekukoak. Endemia askoz ere arinagoa da, ez baitu bere gain hartzen estrategia, hitzarmen eta konpromiso horien pisua.
Jacob Steere-Williams izurriteen historialariak gogorarazi duenez, XIX. mendeko herrialde kolonialistek zenbait gaixotasun endemiko izendatzen zituzten, gaitz haiek zapaldutako herrialde haietara mugatzen zirela azpimarratzeko. Haienak zirela garbi uzteko, ez “gureak”. Mende bat geroago, antzekoa gertatu zen hiesarekin. Jada ez diagu pandemia deitzen, ez baitigu guri eragiten; ez da gure arazoa.
Bada SARS-CoV-2aren pisua egoki adierazten duen beste termino bat: sindemia. Hitz horrek bere baitan biltzen ditu birus horren inguruan txirikordatzen diren osasun-krisia, gizarte-krisia eta ingurumen-krisia. Itzalean utzi dute, ordea. Astunegia da, nonbait.
Elhuyarrek garatutako teknologia