Orain arte, ikertzaileek gehienbat saiodietan aztertu dituzte proteinak. Horrela ezagutu dira zelularen funtzio nagusiak betetzen dituzten molekula horiei buruzko berezitasun asko. Alabaina, Ipar Karolinako Unibertsitateko kimikariek adierazi dute azterketa horiek ez direla erabat zuzenak. Izan ere, zelularen barnean daudenean proteinek desberdin jokatzen dutela frogatu dute.
Zelularen barneko giroaren eta saiodikoaren artean alde handia dago. Saiodian proteinak diluituta daude; zelularen barnealdea, berriz, proteinaz eta bestelako molekulaz gainezka dago. Hori dela eta, proteinek ez dute itxura bera hartzen, eta jakina da proteinek betetzen duten funtzioa beren itxuraren araberakoa dela.
Nonbait, zelularen barnean, ahal duten azalera gutxiena hartzeko moduan tolesten dira proteinak. Ikerketak ikaragarri zailtzen baditu ere, kontuan hartu beharko da aurrerantzean, batez ere medikuntzan, proteinek garrantzi handia baitute Alzheimerren eta Parkinsonen gaixotasunetan, baita minbizian ere.