Zelakantoa arrain-espezie primitiboetako bat da eta aurkitutako fosilak Aro Primariokoak dira, hau da, orain dela 400 milioi urtekoak. Fosil hauen eta egungo zelakantoen artean antz handia dagoenez, begi-bistakoa da animalia hauek oso gutxi eboluzionatu dutela.
Orain dela hirurogei milioi urte, hau da, Kretazikoan, dinosauruekin batera desagertu zirela pentsatu izan da. Baina Miss Courtenay Latimer-ek Hegoafrikako Chalumna ibaiko arrainak aztertzen ari zela arrain ezezagun batekin topo egin zuen; zelakanto batekin, hain zuzen ere. 1989. urtean Komore irletan Hans Fricke-k urpekuntzi txiki batetik zelakantoaren lehen irudiak atera zituen.
Orduz geroztik, zelakantoak Komore irletan 100 eta 200 metro bitarteko sakoneran besterik ez zirela bizi pentsatu izan da. Baina 1949. urtean Floridako denda batean zaletu batek arrain-ezkata bitxiak ikusi eta Washingtongo Ginsbourg adituari bidali zizkion. Ezkataren egitura aztertu ondoren, zelakantoaren antzeko arrain batena zela erabaki zen. 1992. urterarte ez zen zelakantoaren beste arrastorik aurkitu. Iaz beraz, Mississippiko estatuko Biloxi herrian opari-denda batean R. Heu jaunak forma obalatuzko ezkata-sorta bat ikusi zuen.
Ezkata haiek eta 1949. urtean aurkitutakoak berdintsuak zirenez gero, animali mota berari zegozkiola erabaki zen. Mexikoko Golkoak, Komore irletako itsasoarekin konparatuz gero, zelakantoa bizitzeko ez dirudi oso leku egokia denik, baina badaude koralez osatutako irla batzuk, Key izenekoak, eta han nahikoa habitat ona dago zelakantoa bizi dadin.
Gainera, XVI. mendean fabrikatutako zenbait txanponetan zelakantoaren irudia azaltzen denez gero, segurutzat jo daiteke garai batean zelakantoa arrantzaleek ezagutzen zutela.