1756. urtean ikusi ziren lehenengoz zaldiekburuaren oinarrian, garunera doan karotida arteria inguratuz, airez beteriko bi poltsa zituztela. Bakoitzak 300-500 ml aire ditu eta orain arte ez zekiten zertarako ziren.
Keith Baptiste kanadarrak odoleko tenperatura kontrolatzeko mekanismoak zirela iradoki zuen eta, orain, arestian esandakoa frogatu du. Hainbat zaldiri odolaren tenperatura neurtzeko zundak ezarri zizkien, eta poltsaren sarrera eta irteeraren artean, garunera zihoan odolaren tenperatura bi gradu jaisten zela ikusi zuen.
Korrikalari onak diren beste animaliek kapilar txikiko sareen bitartez hozten dute ariketaren ondorioz beroturiko odola, baina zaldiek ez daukate kapilar-sistemarik. Hala ere, garunera doan odola hoztu beharra daukate hil nahi ez badute.
Aurkikuntza honek zaldien antzeko animalien biologia hobeto ezagutzen lagunduko du, nahiz eta oraindik aire-poltsek nola funtzionatzen duten argitzeke dagoen.