Wikipediaren argi-ilunak

Wikipediaren argi-ilunak
2006/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: wikipedia)

Wikipedia Interneteko entziklopedia librearen zorroztasuna eta zehaztasuna sortu zen unetik egon dira zalantzan. Izan ere, edonork argitara dezake artikulu bat entziklopedian; inork ez du begiratzen artikuluaren egilea gaian aditua den edo ez. Erabiltzaileek berek zuzentzen dituzte akatsak, halakorik topatuz gero. Horregatik, neurri batean logikoa da kontrol falta horrek edukien gaineko zalantza sorraraztea. Duela gutxi, ordea, informazio faltsua eta iraingarria topatu zuten Wikipedian, eta, ordutik, entziklopediari buruzko auziak indarra hartu du. Adibidez, Robert Kennedyren laguntzaile ohi bat presidentearen hilketan nahasita zegoela azaldu zen entziklopedian. Ez zen egia, baina argitaratu egin zuten, eta edonork ikusteko moduan egon zen, laguntzaile ohia konturatu zen arte. Eta ez da adibide bakarra.

Baina, orain, Nature zientzia-aldizkariak Wikipediaren eta Entziklopedia Britainiarraren eduki zientifikoak alderatu ditu, eta ondorioztatu dute bietan ere huts-kopurua antzekoa dela. Hori bai, Entziklopedia Britainiarraren aldean, Wikipedia okerrago dago egituratuta eta nahasiagoa da.

Nolanahi ere, tresna baliagarria da askorentzat, eta erakusten du informazio-truke librean oinarritutako egitasmoek aurrera egin dezaketela. Aipatzekoa da Wikipedia euskaraz ere badagoela, eta gaur egun lau mila artikulu baino gehiago dituela euskarazko bertsioan (ingelesez, 575.000tik gora).

Berriak labur
5
1
216
2006
1
012
Internet
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila