Europako Espazio Agentziak Venus Express izeneko zunda bidali zuen gure ondoko planeta, Artizarra, ikertzeko. Misioak urtebete egin du, eta Nature aldizkariak artikulu-sorta bat argitaratu zuen azaroan, lehen emaitzen berri emateko.
Bederatzi artikulu, hogeita hamalau orrialde, den-denak horretaz hitz egiteko. Artikuluen ondorio nagusia honako hau da: Artizarra eta Lurra antzekoak zirela pentsatzen zen, baina ikerketek frogatzen dute guk uste baino berdinagoak direla. Eta, hala ere, ikerketek bi planeten arteko ezberdintasunak ulertzeko balioko dute.
Artizarra toki beldurgarria da. Atmosfera trinkoa du, karbono dioxidoz osatutakoa, eta azido sulfurikozko hodeiak ditu. Presio atmosferikoa Lurrarena baino 90 aldiz handiagoa da Artizarreko azalean, eta ia 500 graduan dago. Gainera, korrosioa izugarri handia da planetaren azalean. 1975eko urrian zunda bat lurreratu zen Artizarrean, eta ordubete baino gutxiago iraun zuen.
Venus Express zunda kanpotik ari da ikertzen Artizarraren atmosfera. Zientzialariek lehen aldiz frogatu dute tximistak sortzen direla. Eta oxigenoa eta hidrogenoa atmosferatik espaziora isurtzen direla helioarekin batera. Planetak uraren osagaiak galtzen dituela, alegia; ez da harritzekoa lehorra izatea. Zientzialariak harrituta geratu dira, ustez hotz-hotza zen atmosfera-zatian geruza bero bat dagoelako. Orain arte kriosfera deitzen zioten... orain, beharbada, izena aldatu beharko diote.
Eta zertan da, bada, Lurraren antzekoa planeta beldurgarri hori? Artizarraren tamaina, masa eta dentsitatea, adibidez, Lurrarenak bezalakoak dira. Hori bagenekien. Baina Venus Express misioaren datuek hango atmosferaren bi zurrunbiloen berri ematen dute, Ipar polokoa eta Hego polokoa. Eta hor dago antzekotasuna. Antartikaren gaineko atmosferaren antzekoak dira... ozono-geruzaren zuloa duen atmosfera-zatiarena.
Euskal Herriko Unibertsitateko bi astronomo, Agustín Sánchez Lavega eta Ricardo Hueso, zurrunbiloen ikerketa horretan ari dira parte hartzen. Nature-k argitaratutako bederatzi artikuluetatik, bitan azaltzen dira haien ikerketaren emaitzak.