Vincent Van Goghen lanetan, kolorea eta mugimendua nabarmentzen dira. Bere buruaz beste egin baino lehenagoko lan batzuetan --Gau izartsua (1889), Bidea altzifre eta izarrekin (1890) eta Gari-soroa beleekin (1890)--, zeru zurrunbilotsuak ageri dira. Badirudi zurrunbiloak artistaren egoeraren isla direla, garai hartan krisi psikotikoak izaten baitzituen. Orain, Mexikoko Unibertsitateko fisikariek frogatu dute zurrunbilo itxuraz kaotiko horiek bat datozela fluxu zurrunbilotsuen teoriarekin.
Zientzialariek mendeak behar izan dituzte fluxu zurrunbilotsua deskribatzeko, ez baita batere erraza. Berez, erabat azaldu gabe dago oraindik, baina gaur egungo teoria Andrei Kolmogorov zientzialariak 1940ko hamarkadan egindako lanean oinarritzen da.
Fluxuan dauden bi punturen, edozeinen, arteko abiadura-diferentzia jakiteko probabilitatea zein den azaltzen du Kolmogoroven ekuazioak. Bada, Van Goghen zurrunbiloak ekuazio horrekin bat ote datozen aztertu dute fisikariek.
Horretarako, koadroen irudi digitalak hartu dituzte, eta kalkulatu dute bananduta dauden bi pixelek zer probabilitate duten distira edo argitasun bera izateko. Hala, frogatu dute Van Goghek margotutako zurrunbiloetan argitasunaren banaketa Kolmogoroven ekuazioaren araberakoa dela.
Beste artista batzuen lanetan ere azaltzen dira antzeko irudiak, Eduard Munchen Garrasia koadroan, esaterako, baina ez datoz bat ekuazioarekin.