Ur likidozko sistema erraldoi bat kartografiatu dute, lehen aldiz, Antartikako izozpean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ur-likidozko-sistema-erraldoi-bat-kartografiatu-du
Ikertzaileak Antartika mendebaldeko Whillans izotzezko ibaian, azpiko arro sedimentarioa aztertzeko tresnak jartzen. Arg. Kerry Key/Lamont-Doherty Earth Observatory

Lehen aldiz, Antartikako eremu bateko izozpean, ur likidozko sistema erraldoi bat kartografiatu dute. Antartikako mendebaldean egin dute lan hori, eta Science aldizkarian argitaratu dute emaitza

Orain arte, gainazalean zeuden ibaien eta lakuen sistemak baino ez ziren ezagutzen. Glaziarren portaera ulertzeko funtsezkoak dira, gainera; horrenbestez, azken urteotan ikerketa dezente egin dira haiei buruz. Ikertzaileek susmatzen zuten izotzaren azpian ere egon zitezkeela ur likidozko sistemak. Orain, hipotesia zuzena zela baieztatu dute Columbia Unibertsitateko ikertzaileek, eta haren garrantzia azpimarratu dute, bereziki, klima-aldaketaren ondorioetan izan ditzakeen ondorioengatik. 

Iraganean egindako ikerketetan, adibidez, radarrekin, izotzaren eta hondoko arroka artean,  arro sedimentarioak zeudela ikusi zuten. Zundaketen bidez, saiatu izan dira ur likidorik ba ote zegoen frogatzen, baina ez ziren nahikoa sakonak. Hala, izotz-geruzaren portaera-ereduek azaleko sistema hidrologikoak soilik hartzen zituzten kontuan. 

Izan ere, Antartikako arro sedimentario hedakor gehienak itsasoaren egungo mailaren azpitik daude. Antza denez, itsas hondoetan sortu ziren periodo beroetan, itsas maila altuagoak zirenean. Oraingo ikerketan, Whillans izotz-errekari jarri diote arreta, Rosseko izotz-plataforma (plataformarik handiena) elikatzen duenetako bati.

Taldeak irudigintza magnetotelurikoa izeneko teknika erabili du. Teknika horrek atmosferako energia elektromagnetikoa lurrean nola barneratzen den neurtzen du. Izotzak, sedimentuek, ur gezak, ur gaziak eta arrokak energia elektromagnetikoa neurri desberdinetan eroaten dute, eta, horri esker, elementuen araberako mapak sor daitezke.

Horren bidez baieztatu dute sedimentuan ur likidozko sistema bat dagoela, 220-820 metroko sakoneran (eta, agian, baita sakonago ere). Ur gaziak ur gezak baino hobeto eroaten du energia; hala, lur azpiko urak sakoneran gaziago bihurtzen direla ere frogatu dute. Bestalde, ur geza sedimentuetatik ozeanoraino jariatzen dela uste dute, eta espazio bat uzten duela ur gehiago urtzeko eta sistema egonkorra mantentzeko.

Ikertzaileek diotenez, klima berotzearen eraginez izotz-gainazala urtuko balitz ur-fluxuaren norabidea aldatu egin liteke. Baina ez dute nahikoa ikertu, jakiteko zenbateko probabilitatea dagoen hori gertatzeko, ezta zer ondorio izan ditzakeen aurreikusteko ere.

Horrez gain, sakonera txikiko sedimentuetan mikroorganismoak daudela jakiteak beste hipotesi batzuk sorrarazten ditu. Izan ere, litekeena da ikertu duten arro sedimentario horretan, sakonean ere, mikroorganismoak egotea,  eta, lurpeko urak gorantz mugitzen hasten badira, organismo horien karbonoa ozeanora iritsiko litzateke agian. Baina ez dira gai, oraindik, aurreikusteko horrek ondoriorik izan ote ditzakeen, eta, izatekotan, nolakoak.

Argi dago, beraz, galdera asko daudela erantzuteko, baina, behintzat, orain arteko ereduak guztiz aldaraziko dituen emaitzak lortu dituzte ikerketa horrekin. 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila