Unibertsoaren etorkizuna

Kosmologisten artean bi ideia nagusi daude unibertsoaren etorkizunari buruz: mugagabeki zabaltzen ari den unibertsoarena eta kontrakoa; egoera supertrinkoraino uzkurtuko den unibertsoarena.

Arazo honen giltzarria, unibertso beraren dentsitatea da. Dentsitate txikiak beti hedatuz jarraituko duen unibertsoa adierazten du. Dentsitate handiegiak, kolapsatuko den unibertsoa adierazten du.

Joan den urtean Princenton unibertsitateko Edwin Loh eta Earl Spiller astronomoek egin dituzten dentsitate-neurketa berrien arabera, unibertsoaren dentsitatea eredu baten edo bestearen bilakaera mugatzen duen dentsitatearen baliotik oso gertu omen dago.

Orain arte egin diren neurketek unibertso hedagarriaren ereduaren aldekoak izan dira. Unibertsoaren dentsitatea neurtzeko, unibertso-bolumen jakin bazuetan zeuden galaxiak kontatzen ziren, beren masa batzen zen eta espazioaren bolumenaz zatitzen zen. Loh eta Spiller-en arabera, horrela lortutako balioak ez dira erabat baliagarriak, zeren eta unibertsoan dagoen materia beltza ez bait da kontutan hartzen eta hau uste baino handiagoa izan daiteke.

Bi astronomo hauek lortutako datuek, Einstein-de Sitter-en ereduarekin bat datoz. Eredu honek, unibertso hedagarri edo uzkurgarri uniforme eta homogenoa (zeinetan grabitatea kontutan hartu beharreko indar bakarra bait da) proposatzen du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila