Ugaztunentzat ez zen erraza izan tente jartzea

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

ugaztunentzat-ez-zen-erraza-izan-tente-jartzea
Ikertutako espezie modernoen (beltzez) eta desagertutakoen (grisez) arteko erlazio ebolutiboak. Arg. Peter Bishop

Ugaztunak narrastien gisara ibiltzetik tente egotera pasatzea trantsizio konplexua eta ez-lineala izan zen, eta uste baino askoz beranduago gertatu zen. Ondorio horretara iritsi dira Harvard Unibertsitateko (AEB) bi ikertzaile, Science Advances aldizkarian argitaratu duten lan batean.

Narrastien jarrera etzanetik ugaztun modernoen jarrera tentera pasatzea une erabakigarria izan zen eboluzioan. Gorputz-adarren anatomian eta funtzioan aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren sinapsidoetatik terioetara. Sinapsidoak lehen ugaztunak eta oraindik ugaztun ez ziren arbasoak (ugaztun gisako narrastiak) biltzen dituen taldea dira, eta terioak gaur egungo ugaztunak (martsupialak eta plazentalioak). Bada, orain arte ez zegoen argi jauzi ebolutibo hori noiz eta nola gertatu zen.

Orain, eredu biomekaniko aurreratuak eta datu fosilak elkartuta, ikusi dute bide hori oso konplexua izan zela. Hasteko, gorputz-adarren jarreren espektro osoa irudikatzen duten bost espezie modernoen biomekanika aztertu zuen; besteak beste, musker bat (etzana), aligatore bat (erdi-tentea) eta galgo bat (tentea). Horrela, anatomiak animalia horien jarrerarekin eta mugitzeko moduarekin duen lotura hobeto ulertu ahal izan zuten. Gero, zortzi espezie fosil aletara zabaldu zuten analisia, 300 milioi urteko eboluzioa kontuan hartuta. Garatu zuten eredu biomekanikoari esker, simulazioak egin ahal izan zituzten, atzeko gorputz-adarrek lurrean zenbateko indarra egin zezaketen kalkulatzeko. Izan ere, ikusi zuten hankek egin dezaketen indarra erabakigarria dela lokomozioaren eboluziorako.

Ikertzaileek ondorioztatu dute lokomozioaren errendimenduak ez zuela eboluzio lineal bat izan, baizik eta gorabehera handiak izan zituela milioika urtetan zehar. Eta, azkenean,  egungo ugaztunen jarrera tenteari lotutako ezaugarriak aurretik uste baino askoz beranduago eboluzionatu zutela, ziurrenik terioen arbaso komunetik oso gertu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila