Tximino emeei eta arrei jostailu berak gustatzen zaizkie

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

tximino-emeei-eta-arrei-jostailu-berak-gustatzen-z
Arg. Santa3/Pixabay

Tximino emeek eta arrek jostailu berak lehenesten dituztela ebatzi du ikerketa batek. Aurretik zeuden ikerketek ziotenaren kontrakoa da hori; eta gakoa testuinguru sozialaren eraginean egon litekeela iradoki dute ikertzaileek. Biology of Sex Differences aldizkarian argitaratu dute lana.

Orain arte, bi azterlanek (1,2) bakarrik ikertu dituzte tximinoek sexuaren arabera zer jostailu aukeratzen dituzten. Biek ere ondorioztatu zuten arrek nahiago dituztela “maskulinotzat” jotzen diren jostailuak (hala nola ibilgailuak), eta emeek nahiago dituztela “femeninotzat” jotzen diren jostailuak (panpinak, esaterako). Ikerketa horiek, ordea, tximinoak euren talde sozialetan zaudela egin ziren, eta horrek zaildu egiten du zehaztea desberdintasun horiek norbanakoen lehentasun errealak islatzen dituzten edo gizarte-dinamikek baldintzatuak diren.

Azterketa honetan, 14 makako (7 ar eta 7 eme) banaka aztertu zituzten, hainbat jostailu eskainita: jostailu “maskulinoak” (ibilgailuak), “femeninoak” (panpinak), neutroak (zoomorfoak ez diren jostailu gogorrak) eta anbiguoak (adibidez, ibilgailu zoomorfoak). Eta emaitza izan zen bai arrek eta bai emeek nahiago izan zituztela jostailu neutroak eta “maskulinoak”. Areago, sexuen arteko desberdintasunik handiena panpinekin izan zen: arrek gehiago jolastu zuten, emeek baino.

Emaitza horiek aurreko ikerketen guztiz kontrakoak dira. Ikertzaileen iradoki dute litekeena dela aurrez dokumentatutako sexu-desberdintasunak testuinguruak baldintzatutakoak izatea, eta zalantzan jarri dute jostailuen lehentasunen arteko sexu-desberdintasunek oinarri biologirik dutenik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila