Toxikotasun-azterketetarako ez da beharrezkoa animaliak erabiltzea

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

toxikotasun-azterketetarako-ez-da-beharrezkoa-anim
Arg. ©DollarPhotoClub/angellodeco

Konposatu kimikoen toxikotasun-maila iragartzeko ez da animalietan probatu beharrik, nahikoa zelulak erabiltzea. Ondorio horretara iritsi dira Estatu Batuetako NIH (National Institutes of Health) erakundeko ikertzaileak, Nature Communications aldizkarian argitaratu dutenez.

Pestizida, industriarako konposatu kimiko, elikagaientzako gehigarri, botika eta gisa horretako substantziek gizakientzat eta animalientzat duten toxikotasuna aztertzeko ohikoa da animalietan in vivo azterketak egitea. AEBko hainbat erakunde publikok bultzatutako Tox21 proiektuaren helburua da azterketa horiek egiteko metodo hobeak garatzea. Horretarako 10.000 konposatu kimiko inguru aztertu dituzte giza zeluletan oinarritutako hainbat in vitro esperimentutan. Eta esperimentu horietatik ateratako datuak konposatu kimikoen egiturari buruzko informazioarekin elkartuta, gai izan dira substantzia horien toxikotasun-ereduak egiteko.

Gainera, emaitza horiek animaliekin egindako ikerketetako emaitzekin eta gizakientzako ezagunak diren datuekin konparatuta ikusi dute toxikotasun-eredu berri hauek ongi iragartzen dutela toxikotasun-maila. Oraindik esperimentu gehiago egitea derrigorrezkoa dela aitortu dute ikertzaileek, baina proposatzen duten zeluletan oinarritutako in vitro teknika hauek erabili daitezkeela toxikotasun-azterketetan, eta bali dezaketela erabakitzeko zein substantziek behar dituzten test toxikologiko sakonagoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila