Duela bi urte hasi ziren zientzialariak Titan, Saturnoren satelite handiena, zehatz-mehatz arakatzen. Hain zuzen ere, Cassini espazio-ontziak hartutako irudiek eta Huygens zundak hartutako neurriek adierazi dute mundu hotz horren azaleran duela gutxi eratutako kanal eta ibai-ohe lehorrak daudela. Hala izango balitz, likido-metaketa erregularren lehen adibidea izango litzateke, Lurretik harantzago eguzki-sistema osoan. Nola eratu daitezke egitura horiek hain paraje hotzean? Euriak sortutakoak al dira? Eta, hala bada, zer motatako euriak?
Ricardo Hueso eta Agustín Sánchez Lavega EHUko doktoreek Nature aldizkarian argitaratutako ikerketan proposatzen dute Titanen metano-lurrinez eratutako trumoi-laino erraldoiak gertatzen direla. Egin dituzten kalkuluen arabera, trumoi-laino indartsu horiek azaleratik hasi eta behetik gora 35 kilometro izatera irits daitezke, eta metanozko ttantta ugari botatzen dituzte, Lurreko trumoien erruz izaten diren euri-jasa indartsuen antzera. Prezipitazio horiei esker, Titanen metano likidozko putzuak eta ibaiak sortuko eta ibiliko lirateke, ikusi diren kanalak eratzeko gai diren putzuak eta ibaiak, alegia.
Cassini-ren orbitatik eta Lurreko teleskopio handienetatik behin eta berriz oso leku zehatzetan hartutako laino distiratsuak ikusi dituztelako egin dute ikertzaileek hipotesi hori. Laino-masa zabal gehien eratzen diren tokietako bat hegoaldeko poloa da. Eskualde polarrean sateliteko beste edozein lekutan baino bero gehiago egiten du udan; hau da, tenperatura pixka bat igo eta trumoialdiak eratzeko energia sortzen da, ikertzaileen arabera. Hala, ohartu dira Titango trumoiak eratzeko elementu giltzarrietako bat kondentsazio-nukleoak izeneko partikula txikiak direla. Partikula horiei esker, metanozko ttanttak hazi eta trumoi-lainoak eratzen dira. Metano hori atmosferan bertan egongo litzateke kantitate txikietan.