TGV trenak bere marka ondu. Hendaian dugu jadanik

"Elhuyar Zientzia eta Teknika"ren 33. alean (aurtengo martxokoan), artikulu osoa eskaini zigun Jon Otaolaurretxi-k Frantziako TGV edo Abiadura Handiko trenari buruz. Bertan, 482,4 km/h-ko markaren berri eman zitzaigun, baina maiatzaren hasieran egindako saio batzuetan, tren honek 510,6 km/h-ko abiadura lortu du. Marka hori TGV-ren linea atlantiarrean egin da, oraindik ustiatu gabeko trenbide berri batean.

Errekorra hautsi duen trenmakina, lehengoekin konparatuz desberdina da. 1050 mm-ko gurpilak ditu, eta ez 950 mm-koak bidaiarientzako trenmakinak bezala. Motelgailuak bikoiztu egin zaizkio, eta potentzi zirkuituak sendotu, 800 kW-eko motore bakoitzari bere potentzia izendatua baino bi aldiz gehiago eskatu ahal izateko. Trenak hiru bagoi ditu (eta ez lau) bi trenmakina eragileen tartean. Trenaren aerodinamika ere berriz aztertu da; trenaren atzeko muturrean eta bagoi arteko tarteetan batez ere.

Marka hausteko saioetan arazorik larrienak normalean trenak berak ez eta goiko kable elektrikoak (katenariak) sortu ohi ditu. Giltzatutako beso edo pantografoaren bidez hartzen du trenak korrontea goiko kabletik, baina kablea abiadura horietan ukituz perturbazioak sortzen dira. Abiadura eta baldintza batzuetan, erresonantzi fenomenoak ere gertatzen dira eta kontaktu elektrikoa galdu egiten da, trena korronterik gabe geratuz. Arazo hori konpontzeko bide bat, kable elektrikoari tentsio mekaniko handiagoa ezartzea litzateke.

TGV atlantiarraren beste marka bat, ibilbidearena da. Joan den ekainaren 21ean Hendaiaraino heldu zen lehen aldiz eta irailaren 30etik aurrera egunero lotuko du Paris Hendaiarekin bost orduren buruan. Parisetik Bordeleraino 300 km/h-ko batezbesteko abiaduraz desplazatuko da trena, eta hortik mugaraino polikiago, trenbidea berritu bitartean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila